TEAMIT+ europar proiektuaren partzuergoak sei hilabeteroko bilera egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). TEAMIT+ Europar Batasunak Erasmus+ programaren bidez 1,3 milioi eurorekin finantzatutako Berrikuntzarako Aliantza bat da. Topaketa aste honetan egin da, eta mugarria izan da proiektuak bere ibilbidearen erdia egin baitu eta prestakuntza-programaren lehen emaitzak ebaluatu baititu.
Bileran, Espainiako, Finlandiako, Frantziako eta Greziako hamar bazkideek programaren aurrerapenak aztertu dituzte. Egun bere lehen edizioaren azken fasean dago programa. Berriki, lau herrialde parte-hartzaileetako 40 gaztek parte hartu zuten Finlandiako lehen “bootcampean”, eta taldeak prestatu zituzten gizartean eta ingurumenean eragina duten ekintzailetzako proiektuak garatzeko.
“Azken faserako hautatutako 40 gazteen artean, bost Nafarroakoak dira, bai NUPeko eta bai Iruñeko eta Tuterako LHko zentroetakoak, eta horrek erakusten du gure komunitateak berrikuntza jasangarriarekin duen konpromisoa", nabarmendu du Mar Rubio-Varas Ekonomia Saileko katedradun eta INARBE Institutuko ikertzaileak. NUPen proiektuaren buru da katedraduna.
Programaren lehen edizioa apirilean amaituko da, beste “bootcamp” batekin, Bilbon. Han, Finlandian prestatutako taldeek beren negozio-ideiak definitzen bukatuko dute. Lau herrialdeetan programaren aurreko faseetan parte hartu zuten ia 300 gazteen artean aukeratu zituzten 40 parte-hartzaileak.
Europaren gaitasun berritzailea indartzea
Berrikuntzarako Aliantza gisa, TEAMIT+ proiektuak Europaren gaitasun berritzailea indartzeko helburua du, goi-mailako hezkuntzaren, lanbide-heziketaren eta ingurune sozioekonomikoaren arteko lankidetzaren eta ezagutza-fluxuaren bidez. "Prestakuntza-curriculum berri bat sortzen ari gara, Europako gazteen ekimenerako sena eta ekintzailetza-mentalitatea sustatuz", azaldu du Rubio-Varasek.
Partzuergoa bigarren edizioa planifikatzen hasi da dagoeneko, eta 2025eko bigarren erdian hasiko da. Helburua da proiektu osoan zehar 800 gazte eta 50 enpresa baino gehiagorengana iristea. "Sortuz ikasteko" ikuspegian eta talde multikulturaletan oinarritutako metodologiak trebetasunen desorekari heldu nahi dio, jasangarritasuna ardatz nagusitzat hartzen duten hezkuntza-eredu berriak diseinatuz.
Bileran, Europako beste ikastetxe batzuetan prestakuntza-eredu bera aplikatzea erraztuko duten materialak prestatzen ere aritu dira bazkideek, baita EBrako politiken gomendioak prestatzen ere, lortutako esperientzian oinarrituta.
TEAMIT+ proiektua 2026ko irailean amaituko da, eta berrikuntzen merkatu-potentziala ez ezik, beren gizarte- eta ingurumen-onurak ere kontuan hartuko dituen prestakuntza-paradigma berri bat garatzea du helburu.