Joan eduki nagusira

David Astrain katedraduna buru duen Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikerketa-taldea itzuli berria da Artartikan egin duen bigarren kanpaina zientifikotik, eta egiaztatu du joan den urtean Deception uhartean, Antartikako bigarren sumendi aktiboenean, jarri zuten sorgailu termoelektrikoak ongi funtzionatu duela poloko negu gogorrean.

zoom Espedizioan parte hartu duen NUPeko taldea, sorgailu termoelektrikoaren ondoan. Ezkerretik eskuinera, Nerea Pascual, David Astrain eta Patricia Alegría.

Espedizioan parte hartu duen NUPeko taldea, sorgailu termoelektrikoaren ondoan. Ezkerretik eskuinera, Nerea Pascual, David Astrain eta Patricia Alegría.

Frogatu da, mundu mailan lehen aldiz, sorkuntza elektriko jarraitua eta berriztagarria lortu dela urte osoan, base militar edo zibiletatik urrun dagoen Antartikako leku bazter batean. NUPeko Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena ikerketa-taldeak garatutako bihurgailu termoelektrikoen lanaren ondorioa izan da mugarri hori, jatorri bolkanikoko fumaroletako bero geotermikoa modu jarraituan energia elektriko bihurtzeko gai baitira.  Ikertzaile-taldeak patentatutako teknologia berria da, eta lurzoruaren eta ingurunearen artean dagoen tenperatura-aldea aprobetxatzen du elektrizitatea ekoizteko, Seebeck efektuari eta efizientzia handiko fase-aldaketa duten bero-trukagailuei esker. Sorgailu horiek bakarrik duten ezaugarria da funtzionatzeko ez dutela elementu mugikorrik behar (turbinak, ponpak edo haizagailuak), eta, beraz, errazagoa da instalatzea, modularra da eta sendotasun eta fidagarritasun maila bat du, zeinak funtsezko abantailak baitira Antartikako muturreko baldintza klimatikoetan aplikatzeko.

David Astrain katedradunak azaldu duenez, “ikerketan egindako aurrerapen horren garrantzia gaur egun urruneko eta muturreko klimatologiako sumendien energia-hornidurak dakarren erronka teknologiko handiari konponbidea emateko garatu dugun soluzio teknologikoan datza, beharrezkoa baita azterketa eta zaintza bolkanikoa etengabe eta denbora errealean egiteaz arduratzen diren ekipo geologikoak elikatzeko”. “Sumendietako azterketa geologikoa eta haien zaintza oso garrantzitsuak dira haien mekanismoak hobeto ulertzeko eta balizko erupzioak aurreikusteko; izan ere, munduko populazioaren % 10 sumendi aktibo batetik gertu bizi da, eta sumendi horien % 30 oraindik ez daude monitorizatuta. Hain zuzen ere, energia-hornidura da arrazoi nagusietako bat; izan ere, merkatuan eskura dagoen teknologia bakarra panel fotovoltaikoak dira. Panel fotovoltaikoek arazo larriak dituzte energia-horniduraren jarraitutasunik ezaren ondorioz, eta arazoak areagotu egiten dira elurra, lainoa, errautsa, kalima eta gauarekin, horien iraupena zenbait hilabetekoa izan baitaiteke latitude altuetan, Antartikan bezala”.

Ikerketa hori Estatuko Ikerketa Agentziak finantzatutako VIVOTEG PID2021-124014OB-I00 Estatuko Ikerketa Planaren proiektuaren esparruan egiten ari dira.

Hiru aste Deception uhartean

Kanpaina honetan, Patricia Alegría Cía, Nerea Pascual Lezaun eta David Astrain Ulibarrena Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileek bidaiatu dute Antartikara. Ikertzaile horiek aurreko kanpainan ere parte hartu zuten. Deception uharteko Gabriel de Castilla base militarrean egon dira 3 astez, eta handik Cerro Calientera igo dira 14 aldiz, sorgailu termoelektrikoekin lan egiteko. Neguaren ondoren sorgailuek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzeaz gain, modulu gehiago instalatu dituzte potentzia elektriko handiagoa lortzeko, eta geodesia bolkanikoko sistemak hornitzea ahalbidetu dute. Antartikan instalatutako teknologia horri esker, aurrerapen handia eginen da ikerketa geologikoan eta zaintza bolkanikoan, eta soilik poloko kanpainak irauten duen 3 hilabeteetan datuak edukitzetik urte osoko etengabeko erregistroa izatera eta denbora errealean ikustera igaroko da.

Teknologia hori Antartikan ari dira probatzen, planetako baldintza muturrenekoak dituen leku batean duen sendotasuna eta fidagarritasuna frogatzeko, planetako urrutiko beste sumendi askotan erabili ahal izateko, eta horrela zaintza bolkanikoa hobetzeko. Taldea jada harremanetan dago soluzio teknologiko horretan interesa duten Zeelanda Berriko, Txileko eta Argentinako ikertzaileekin.