Nafarroako Unibertsitate Publikoa Espainiako unibertsitate publikoen rankingaren lehen postuan dago bere graduko ikasleen laneratzeari dagokionez, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak berriki argitaratu duen 2018-2019 ikasturteko Unibertsitateko Egresatuen Laneratzeari buruzko Azterlanaren (2023ra bitarteko analisia) arabera. Zehazki, titulua lortu eta lau urtera, NUPeko ikasleak lehenak dira Gizarte Segurantzako afiliazio-tasan, tasa hori % 86,9 baita graduko ikasketetan eta % 80,2 masterrekoetan.


Unibertsitate publikoetako graduko ikasleen afiliazio-tasa ikasketak amaitu eta lau urtera (egilea: Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioa).
NUPeko zifrek estatuko batezbestekoa gainditzen duten bai graduan eta bai masterrean. Graduan, laneratzearen batezbestekoa % 78,2koa da unibertsitate publikoetarako eta % 77,9koa Espainiako unibertsitate guztietarako. Masterrekoan, batezbestekoa % 67,2koa da zentro publikoetarako eta % 67,4koa zentro guztietarako batera.
Banaketa sexuaren eta jakintza-eremuen arabera
Ministerioaren azterlanak aukera eskaintzen du datuak sexuaren eta ezagutza-eremuen arabera banatzeko. Sexuaren arabera, NUPen kasuan, graduko laneratze-tasak ia berberak dira (emakumeen % 86,9 eta gizonen % 87). Batezbesteko nazionalak erakusten du gizonek emakumeek baino afiliazio hobea dutela, nahiz eta batzuek zein besteek aukeratutako ikasketa-eremuen araberakoa ere baden.
Jakintza-arloaren arabera, NUPeko graduko afiliazio-tasa handienak arlo hauetan daude: Nekazaritza eta abeltzaintza (% 92,4) eta Ingeniaritza, industria eta eraikuntza (% 91,2), bai eta Osasuna eta gizarte-zerbitzuak (% 88,8), Hezkuntza (% 88) eta Informatika (% 86,7) ere. Masterren kasuan, afiliazio-tasa handienak arlo hauetan daude: Hezkuntza ( % 89) eta Ingeniaritza, industria eta eraikuntza ( % 83,2).
ANECAren nazioarteko kalitatearen zigilua
Gogoan izan behar da Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) ematen duen enplegagarritasunari eta ekintzailetzari buruzko kalitatearen nazioarteko zigilua lortu duela berriki NUPek. Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren mendeko erakundea da ANECA. Zigilua emateko, honako alderdi hauek aztertzen dira: enplegagarritasunaren eta ekintzailetzaren arloko estrategia instituzionala, tituludunen graduatu-profilaren definizioa eta lorpena, ikasleari eta gizarteari zuzendutako jardueren arreta, enpleguarekiko bitartekotzara eta ekintzailetza dinamizatzera bideratutakoez gain. NUPek preskripziorik gabe jaso du zigilua, eta horrek esan nahi du ziurtagiriak 6 urteko baliozkotasuna duela, eta, horrenbestez, 2030 amaiera artekoa.
Nabarmentzekoa da, azken bost urteetan NUPen laneratze-tasa lehenbiziko postuan egon dela Espainiako unibertsitate publikoen artean, 2017-18 ikasturtean ikasketak amaitu eta lau urtera zer egoeratan dauden aztertu dituzten egresatuen kasuan izan ezik. Kasu horretan, NUP bigarren postuan zegoen Euskal Herriko Unibertsitatearen atzetik.