Gaur, asteartea, otsailak 25, hasi eta ostirala, otsailak 28, bitartean, Iruñeko Arrosadiko campusean, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) kide duen UNITA nazioarteko aliantzaren UNITA Week 2025 eginen da, partzuergoak egiten duen urteko lan-topaketa garrantzitsuena. UNITA osatzen duten hamar unibertsitate bazkide eta bi elkartuak ordezkatuz, 150 lagun baino gehiago elkartuko dira hiru jardunalditan, proiektua zer egoeratan dagoen aztertzeko eta aliantza egonkortzeko etorkizuneko estrategiak ezartzeko. Erriberrira eta Uxuera eginen den bisita kulturalak emanen dio amaiera ostiralean topaketari.
NUPek, anfitrioia baita, bileren eta jarduera osagarrien programa antolatu du aste osoan, topaketa optimizatzeko asmoz. Esparru horretan, UNITArentzat funtsezkoak diren gaiak landuko dira, hala nola lantalde bakoitzerako etorkizuneko estrategia espezifikoak ezartzea, UNITA kalitate-sistema aurkeztea, jardueraren jarraipena egiteko adierazle-sistema bat zehaztea, aliantzarako finantza-eredu jasangarri bat aurkeztea eta zereginak digitalizatzeko premiak identifikatzea.
Antolaketa-egituraren eredu berria
Aliantzaren egiturari, antolaketari eta egonkortzeari buruzko beste gai batzuk ere jorratuko dira. Alde horretatik, funtsezkoak izanen dira Gobernu Kontseiluak (Governance Board) eginen dituen bilerak. UNITAren gobernu-organo gorena da, eta bazkide eta elkartu diren hamabi unibertsitateetako errektoreordeek eta beste ordezkari batzuek osatzen dute. Aliantzaren etorkizunerako lege, finantza eta kudeaketa estrategikoko gaietan funtsezkoak diren gaiak eztabaidatu eta onartuko ditu. Horien artean, aipatzekoa da antolaketa-egituraren eredu berri baten onarpena, 2024ko urrian Brescian (Italia) egindako aurretiazko bilera batean aurkeztu zena.
Iruñeko topaketak orobat ezarri du UNITAko Ikasleen Biltzarreko ikasleentzako bileren programa espezifiko bat. Unibertsitate bakoitzeko bina ordezkarik osatutako erakunde autonomoa da Ikasleen Biltzarra. Ikasleen gobernu-organoak eginen dituen bileren xedea izanen da Ikasleen Biltzarrerako hurrengo hauteskundeen xehetasunak zehaztea. Hauteskundeak martxoaren 24an, 25ean eta 26an eginen dira batera UNITA unibertsitateetan.
Orobat aipatzekoa da NUPek topaketa hori antolatu duela UNITArentzat funtsezkoa den balio bati jarraikiz: jasangarritasuna. Alde horretatik, paperaren eta plastikoaren kontsumoa ahalik eta gehien murrizteko irizpideak erabili dira, eta beste aukera ekologikoago batzuk erabiliko dira. Helburua da hainbeste jende biltzen duen ekitaldi baten aztarna ekologikoa ahalik eta gehien murriztea.
Hamabi unibertsitatez osatutako aliantza
UNITA – Universitas Montium aliantza 2020an sortu zen, eta egun honako hauek osatzen dute: hamabi unibertsitate, eskubide osoko hamar bazkide eta bi erakunde elkartu. Beraz, 250.000 ikasleko eta 21.000 laguneko giza taldea irakasleen eta teknikari eta administrazioko langileen artean. Horiek guztiek ezaugarri komun hauek dituzte: eskualde menditsuetan daude, beren herrialdeetako mugetatik gertu eta hizkuntza erromantzeak hitz egiten diren lekuetan (portugesa, gaztelania, frantsesa, italiera eta errumaniera).
Europako Batzordeak 14 milioi euro eman dizkio proiektuari 2023-2027 aldirako (1,1 milioi NUPentzat). Zazpi herrialdetako goi-mailako hezkuntzako erakundek osatutako partzuergoa “Europako Unibertsitateak” ekimenean geldituko da, eta Europako goi-mailako hezkuntzaren kalitatea eta lehiakortasuna goitik behera aldatzen lagunduko du. Beste neurri batzuen artean, aliantzaren helburua da ikasle, irakasle eta irakasle ez diren langileen mugikortasuna sustatzea eta nazioarteko ikerketa-proiektuak eta baterako titulazioak garatzea.
Honako hauek dira unibertsitate bazkideak: Barnealdeko Beirako Unibertsitatea eta Guardako Institutu Politeknikoa (Portugal); Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea (Espainia); Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanceko Unibertsitatea (Frantzia); Turingo Unibertsitatea eta Bresciako Unibertsitatea (Italia); Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea eta Brasoveko Transilvania Unibertsitatea (Errumania). Honako erakunde hauek parte hartzen dute elkartu gisa: Mendebaldeko Suitzako Goi Mailako Eskola Espezializatua - HES-SO (Suitza) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi Unibertsitate Nazionala (Ukraina).