Martxoaren 3tik, astelehena, martxoaren 7ra bitartean, ostirala, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Energia Berriztagarrien Katedrak Energiaren XII. Astea antolatu du. Hitzaldiak, tribialekoen antzeko galdera-erantzunen lehiaketa bat gai horri buruz eta erronka berriztagarria eginen dira. Erronka berriztagarria lehiaketa bat da, eta ingeniaritzako ikasleek, taldeka, denbora mugatua dute erakundeak planteatutako erronka tekniko bati konponbidea emateko. Astearen helburua da ikasleei energia berriztagarrien arloa hurbiltzea eta haren enpresa nagusiak erakustea. Astearen programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
Energiaren XII. Astean aurkezpenak eginen dira martxoaren 3an eta 5ean, eta NUPen prestatutako ingeniariek katedraren entitateetan izandako esperientzia profesionalaren berri emanen dute. Hona hemen entitateen izenak: Siemens Gamesa Renewable Energy, Ingeteam Power Technology, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER), Acciona Generación Renovable, Nordex Energy Spain, Array, EOSOL Taldea, IED Electronics eta Nabrawind Technologies.
Martxoaren 6an, osteguna, Ikasgelategiko 09 bis ikasgelan (Arrainontzia), tribialekoen antzeko galdera-erantzunen lehiaketa bat eginen da energia berriztagarriei buruz. Orobat erronka berriztagarria aurkeztuko da ekitaldian. Erronka martxoaren 7an, ostiralean, 08:00etan hasiko da, eta parte-hartzaileek zortzi ordu eta erdiko denbora-tartea izanen dute konponbidea emateko (16:30ak arte). NUPeko irakaslez eta Katedrako entitateen ordezkariz osatutako epaimahai baten aurrean defendatu beharko dituzte konponbideak, eta 900 €-ko saria eta 450 €-ko accesita irabaziko dute proiektu hoberenek. Orobat komunikabideetan eragin handiena izan duen proiektua eta erronkan parte hartu duten taldeen boto gehien jaso dituen proiektua aintzatetsiko dituzte.
Enpresa-unibertsitatea lankidetzako katedra bat
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Energia Berriztagarrien Katedra, Energiaren XII. Astearen antolatzailea, Unibertsitatearen eta enpresen arteko lankidetza zientifiko-teknologikoko esparru bat da, non ikerketako eta irakaskuntzako jarduerak egiten baitituzte elkarrekin, besteak beste master amaierako lanak, doktoretza-tesiak, ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza-jardunaldiak.
Bederatzi enpresak osatzen dute katedra: Siemens Gamesa Renewable Energy, Ingeteam Power Technology, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER), Acciona Generación Renovable, Nordex Energy Spain, Array, EOSOL Taldea, IED Electronics eta Nabrawind Technologies.