Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) epea ireki du bere ikasleek UNITAko Ikasleen Biltzarrera hautagai-zerrendak aurkez ditzaten. Erakunde nafarra kide duen europar unibertsitateen aliantza horren gobernu-organoetako bat da biltzarra. Izena emateko prozesua irekita egonen da martxoaren 4ko 12:00ak arte. Biltzarra kontsulta- eta proposamen-organo bat da, eta ikasleen ahotsa ordezkatu eta unibertsitate-sare horretako erabakiak hartzeko prozesuetan aktiboki parte hartzen du. Hauteskunde-prozesuari eta parte hartzeko arauei buruzko informazioa NUPen webgunean dago.
Hauteskundeak martxoaren amaiera eginen dira, eta aliantzako hamabi unibertsitatetako 250.000 ikaslek (10.000 NUPekoak) beren ordezkariak hautatuko dituzte datozen bi urteetarako. Unibertsitate bakoitzak zortzi ordezkari hautatuko ditu, eta beren ekarpenekin aliantza garatzen lagunduko dute.
Hautatzeko prozesua eta eskakizunak
Ikasturte honetan gradua, masterra edo doktoretza egiten ari den edozein ikaslek du bere hautagaitza aurkezteko aukera. Horretarako, gehienez ere hamalau kide dituzten hauteskunde-zerrendak osatu behar dituzte hautagaiek. Hauteskunde-zerrenda horiek izena, logotipoa eta beren helburuak eta lehentasunak zehazten dituen programa zehatza izan behar dute. Zerrenda bakoitzak hautagai-zerrendakoak ez diren unibertsitate bereko ikasleen berrogeita hamar babes-sinadura lortu behar ditu.
Inskripzioa berariaz horretarako gaitutako plataforma digital baten bidez eginen da, eta erabilgarri egonen da martxoaren 4ko 12:00ak arte. Gero, martxoaren 9an argitaratuko da onartutako hautagai-zerrenden behin betiko zerrenda, eta martxoaren 13ra bitartean errekurtsoak aurkezteko aukera izanen da.
Eginkizunak eta ordezkaritza
UNITAko Ikasleen Batzarra urtean behin biltzen da presentzialki eta astebetez aliantzako unibertsitateetako batean, eta funtsezko eginkizuna du aliantzaren estrategia eta politikak zehazteko. Haren kideek erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzen dute zenbait organotan esku hartuz, hala nola Gobernu Kontseilua, Kalitate eta Ebaluazioa Kontseilua, Kudeaketa Batzordea eta UNITAko lantaldeak.
Hautatutako pertsonak aukera izanen du irakasleekin eta administrazioko langileekin batera lan egiteko unibertsitateko bizitza hobetzen eta hezkuntza inklusiboago, eraginkorrago eta eskuragarriagoa sustatuko duten ekimenak garatzen. Gainera, Ikasleen Biltzarrak eztabaida eta ideia-trukea sustatzen ditu, eta horri esker ikasleen kezkak entzun eta eta aintzat hartzen dira.
UNITA – Universitas Montium
UNITA – Universitas Montium aliantza 2020an sortu zen, eta egun honako hauek osatzen dute: hamabi unibertsitate, eskubide osoko hamar bazkide eta bi erakunde elkartu. Beraz, 250.000 ikasleko eta 21.000 laguneko giza taldea irakasleen eta teknikari eta administrazioko langileen artean.
Honako hauek dira unibertsitate bazkideak: Barnealdeko Beirako Unibertsitatea eta Gardako Institutu Politeknikoa (Portugal); Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea (Espainia); Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanceko Unibertsitatea (Frantzia); Turingo Unibertsitatea eta Bresciako Unibertsitatea (Italia); Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea eta Brasoveko Transilvania Unibertsitatea (Errumania). Honako erakunde hauek parte hartzen dute elkartu gisa: Mendebaldeko Suitzako Goi Mailako Eskola Espezializatua - HES-SO (Suitza) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi Unibertsitate Nazionala (Ukraina).
Horiek guztiek ezaugarri komun hauek dituzte: eskualde menditsuetan daude, beren herrialdeetako mugetatik gertu eta hizkuntza erromantzeak hitz egiten diren lekuetan.