Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hainbat jarduera antolatu ditu otsailaren 10etik 12ra Elektronikaren Astean, eta jarduera horien artean izanen dira dibulgazio hitzaldiak eta KiCad, Arduino edo lebitazio akustikoko lantegiak. Jarduerak goizez eta arratsaldez eginen dira Jerónimo de Ayanz zentroan (ikerketa-institutuen egoitza) eta Haginak eraikinean, biak, Arrosadiko campusean. Teknologia Elektronikoko Katedrak antolatu du Astea IEEE Circuits and System Society (CASS) erakundearekin lankidetzan, eta doakoa da formularioaren bidez aldez aurretik izena emanda

zoom semana electronica

Ikasleak, Elektronikaren Astearen aurreko edizio bateko lantegietako batean.

Otsailaren 10ean, astelehena, 10:00etatik 13:00ak arte, simulazio lantegi bat eginen da KiCad-ekin, ia edozein plaka elektroniko diseinatu eta prototipatzeko aukera ematen duen software libreko pakete bat. Ikastaroan, erakutsiko da nola erabili tresna hori bai eskema elektronikoak marrazteko bai tresnak integratua duen “ngspice” motorra erabiliz simulatzeko. Hala, software tresna bakar bat erabilita, plaka elektroniko baten diseinu osoa egiten ahalko duzu: eskematikoa atzeman lehenbizi, simulazioa gero, eta, azkenik, plaka batean inplementatu. Carlos Aristóteles de la Cruz Blas Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasle eta ISCko ikertzaileak emanen du lantegia. 

Orobat otsailaren 10ean, arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara, lantegi bat eginen da parte-hartzaile bakoitzak bere lebitagailu akustikoa muntatu eta etxera eraman dezan. Asier Marzo Pérez NUPeko irakasle eta ISCko ikertzaileak emanen du, eta unibertsitateak emanen du material guztia. 

Dibulgazio-jardunaldiak eta soldadura-lantegia

Otsailaren 11n, asteartea, 10:00etatik 14:00etara, dibulgazio jardunaldi bat eginen da, eta enpresa eta sozietate publikoetako ordezkariek esku hartuko dute eta elektronikarekin lotutako gaiak jorratuko dituzte. Honako hauek parte hartuko dute: Isabel Sada eta Eva Sevigne, Nafarroako Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikokoa (GAN-NIK); Francesc Moll Echeto  (Barcelona Supercomputing Center); Francisco Rozas (Falcón); Ignacio Francés, (Azkoyen); eta Miguel Ángel Garcés (Jofemar). Carlos Ruiz Zamarreño Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko zuzendari eta ISCko ikertzaileak emanen dio amaiera jardunaldiari.

Arratsaldean, 16:30etik 19:00etara, dibulgazio-jardunaldi bat eginen da, eta NUPen sateliteekin eta espazioarekin lotuta elektronikari buruz egiten diren hainbat jarduera izanen dituzte mintzagai. Hala, azalduko da NUPeko irrati-teleskopioaren funtzionamendua (Rafael Ruiz), unibertsitateak Miura satelite-jaurtigailuaren antenak diseinatzen nola laguntzen duen (Jorge Teniente), NUPen garatutako Zaindari zibersegurtasun aplikazioaren funtzionamendua (Xabier Erro) edo HERA programa (Francisco Pérez Zabalza). Era berean, topaketa bat eginen dute CanSat eskola-lehiaketan parte hartzen duten taldeek (freskagarri lata bat duen satelite bat diseinatuko da) eta haiek babesten dituzten NUPeko ikertzaileek. Jarduera hori Iruñeko Planetarioarekin lankidetzan egiten da.

Hitzaldiekin batera, hilaren 11n, 16:00etatik 19:00etara, PCBs (zirkuitu inprimatuko plakak) soldatzeko lantegi bat eginen da Diego López Torres irakaslearen eskutik. Lantegi horretan, teknika horrekin lehen kontaktua izanen da, eta txartel elektronikoen soldadura zuzenak egiteko erabiltzen diren tresnak eta jarraitu beharreko prozedura ezagutuko dira, zeharkako zuloko zein gainazaleko elementuak barne. Ikasleei beren VU-metroa fabrikatzeko materiala emanen zaie, eta gero etxera eramaten ahalko dituzte.

Astea amaitzeko, hilaren 12an lantegi praktiko bana eginen da goizez eta arratsaldez. Lehenengoa, 10:00etatik 13:00etara, PCBak KiCad-ekin diseinatzeari buruzkoa izanen da.  Ikastaroan, tresna hori eskema elektronikoak marrazteko nola erabili erakutsiko dugu, baita zirkuitu inprimatuko txartel bat diseinatzeko teknikak berrikusi ere: eskematikoa egin, osagaiak kokatu, pistak trazatu eta zirkuitua fabrikatzeko fitxategiak sortu. Carlos Ruiz Zamarreñok emanen du lantegia, eta baliagarria izanen da bai zirkuitu propioa diseinatzeko, bai konponketa bat dokumentatzeko, baita plaka elektroniko baten funtzionamendua ulertzearren alderantzizko ingeniaritza egiteko ere.

Arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara, Santiago Tainta Ausejo irakasleak “Arduino zerotik” ikastaroa emanen du. Bere funtsezko oinarriak azaltzeaz gainera, oinarrizko periferikoak kontrolatzeko programa errazak eginen ditugu, hala nola LEDetara konektatutako sarrera/irteera digitalak, etengailuak eta burrunbagailuak.