Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) amaiera eman dio Berrikuntzaren eragilea izeneko ikastaroaren lehen edizioari. Prestakuntza-esperientzia aitzindari horretan, graduko eta doktoretzako hamar ikaslek MITen (Massachusetts Institute of Technology) metodologian oinarritutako berrikuntza-prozesuak garatu dituzte. Nutrinova proiektua, Nesla Tabit Sebbar (Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua) eta Uxue Urbeltz Tanco (Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradua) ikasleek aurkeztua, benetako arazo batetarako irtenbide berritzaile gisa aukeratua izan zen: gaur egungo erronkak hondakinen kudeaketan eta elikagaien ekoizpenean. Nutrinovak nekazaritza eta industriako azpiproduktuak, hala nola patata-azalak edo fruta-hondarrak, balio handiko proteina-irin eta ongarri organiko bihurtzen dituen abeltzaintza-eredu bertikal bat proposatzen du, oinarritzat irinaren harra erabiliz (tenebrio molitor).


Ikertzaileak inbertitzaileen panela eta ikasleak, Berrikuntzaren eragilea ikastaroaren lehen edizioaren amaieran.
Bi ikasleek Nutrinova aurkeztu zuten Victoria Iriarte Izcuek (Sodena-Nafarroako Garapen Elkartea), Gonzalo Soto Escuderok (Rural Kutxa) eta Jon Yerro Gochicoak (Veridas) osatutako inbertitzaile-talde baten aurrean. Horiek proiektuaren bideragarritasuna eta inpaktua baloratu zuten, teknologia eta iraunkortasuna uztartzen baititu.
Cristina Bayona Sáez NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak eman zion hasiera itxiera-ekitaldiari, eta han Ignacio Matías Maestro Teknologia Elektronikoko katedradunak eta NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak teknologia berriei buruzko ponentzia bat irakurri zuen. Ekitaldiari amaiera emateko, Paula Anzola Román ikastaroko zuzendari akademikoak Berrikuntzaren eragilearen hurrengo edizioa aurkeztu zuen. Prestakuntza hori graduko, masterreko eta doktoretzako ikasleei zuzenduta dago eta NUP Fundazioak antolatzen du. Izena emateko epea urtarrilaren 10era arte dago zabalik, eta “online” egin behar da izen-ematea . Ikastaroak 4 ECTSren baliokidea den ziurtagiri bat lortzeko bidea ematen die ikasleei, bai eta berrikuntzaren ekosistemako harreman sarerako sarbidea izateko ere. Jarduera hori prestakuntza osagarriko jardueratzat hartzen ahal da, eta upnapassen jasotzen da.
Prestakuntza praktikoa eta talde-lana
Programaren lehen edizioak hainbat arlotako ikasleak bildu ditu, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea eta ingeniaritzak barne, benetako arazoei irtenbide berritzaileak emateko. Sei hilabetean, ikasleek prestakuntza praktikoa jaso dute analisi kritikoa, proposamenen garapena eta arriskuen ebaluazioa sustatzen dituen metodologia baten bidez. Horrez gain, mentoreen (erakunde akademikoko ikertzaile eta irakasleak) babesa eta espezialisten ebaluazioa izan dute, “Board of Killers” izeneko batzorde batena, NUPeko ikertzaile seniorrek eta berrikuntzan liderrak diren enpresen ordezkariek osatua, hala nola Exkal, IED edo Wind Energy Ingeteam.