Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikastaro batean izena emateko epea ireki du, graduko, masterreko eta doktoretzako ikasleek prestakuntza praktikoa jaso dezaten seihileko batez berrikuntza-prozesuak garatzeko metodologia batean. Metodologia hori MITek (Massachusetts Institute of Technology) erabiltzen duen metodologian oinarritzen da. Ikastaroaren izena Berrikuntzaren eragilea da, eta benetako arazo bat darabil konponbide berritzaileak bilatzeko prozesu baten abiapuntu gisa, zeinak zenbait etapa baititu: arazoaren azterketa, proposamenen balizko agertokien zirriborroa, antolakuntza arloko alderdien planteamendua proposamenak gauzatzeko eta inpaktuko konponbidearen aurkezpena. Mugarri horietan, ikasleek osatzen dituzten taldeei dei egiten zaie arazoari eta konponbideari buruzko hipotesiak aztertu eta berrikusteko, huts egindako egoerak birplanteatzeko, arriskuak ebaluatzeko eta dauden ezagutza eta teknologia berrerabiltzeko.
Berrikuntzaren eragilea joan den ikasturtean hasi zen hamar ikaslerekin egindako proiektu pilotu bati esker, eta Nafarroako Rural Kutxaren laguntza du ekintzaileentzako Inicia lerroaren bidez, eta atal metodologikoa Nafarroako Hadrone Transformation Agency enpresa nafarrak egin du. NUP Fundazioak antolatutako prestakuntza horretan izena eman nahi dutenek “online” eman behar dute izena urtarrilaren 10era arte.
Ekimena lau prestakuntza-saiotan eta proiektuak ebaluatzeko beste lau saiotan egituratzen da, eta NUPeko enpresa berritzaileen eta ikertzaile seniorren ordezkariek osatutako espezialisten batzorde baten aurrean aurkezten dira aurrerapenak. Batzorde horrek “board of killers” du izena. Horrez gain, taldeek mentoreen laguntza dute (NUPeko ikertzaileak eta irakasleak) proiektua garatzeko. Programa arrakastaz amaitzeak eskubidea ematen du 4 ECTSren baliokidea den NUPeko ziurtagiria lortzeko. Jarduera hori prestakuntza osagarriko jardueratzat hartzen ahal da, eta upnapassen jasotzen da.
Berrikuntzarekin lotura dutenen sarea
Programaren alderdi garrantzitsuenetako bat berrikuntzaren inguruan pertsonen eta eragileen sare bat sortzea da. Alde horretatik, ikasleek ekosistemako figura nabarmenekin harremanetan jartzeko aukera dute, unibertsitatekoak zein enpresetako profesionalenak izan.
Paula Anzola Román NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko irakasle eta Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzako Ekintzailetza Arloko zuzendaria da Berrikuntzaren eragilearen zuzendari akademikoa. Honako hauek dira irakasleak: Pablo Arocena Garro Enpresen Kudeaketa Saileko katedradun eta INARBE Institutuko ikertzailea (Institute for Advanced Research in Business and Economics), Carlos J. Martínez NUPeko ingeniari egresatu eta Hadrone Transformation Agency enpresako berrikuntzako eta transformazioko espezialista eta Jon Yerro ekintzaileentzako proiektuen azeleragailuko mentorea.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunea, NUP Fundazioaren atalean.