Joan eduki nagusira

Ostiralean, abenduak 20, amaituko da Mentoretza Seniorraren Planean izena emateko lehen epea. Programa Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko azken ikasmailako, masterreko eta doktoretzako ikasleei zuzenduta dago. Programa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko enpresa eta erakundeetan esperientzia eta garrantzizko karguak dituzten eta NUPekin lotura duten edo izan duten zenbait profesionalek lan etorkizunerako aukerei buruzko orientabidea ematen diete azken ikasmailetako ikasleei, laneratzeko aukera handiagoak izan ditzaten. Izena emateko epea bukatutakoan tokirik gelditzen bada, bigarren epe bat irekiko da, eta horren berri emanen da dagokion garaian. Parte hartu nahi duten ikasleek programaren web orriaren bidez eman behar dute izena. 

zoom Ikasleak, Arrosadiko campuseko ikasgeletako batean.

Ikasleak, Arrosadiko campuseko ikasgeletako batean.

2019an martxan jarri zenetik NUPeko 620 ikaslek hartu dute parte, eta 10 puntutik 8,6 puntuko gogobetetze maila izan dute. Mentoretzapeko ikasleen artetik, % 86,2k hurrengo edizioetan parte hartzeko gomendatuko liekete beren ikaskideei, eta % 80k aitortu zuten “ekimen positiboa” zela. Gainera, denbora tarte horretan 285 profesionalek jardun dute mentore gisa, eta programari 8,21 puntu eman dizkiote.

Bilerak eta lan orientazioa

Mentoretza-programa otsailetik apirilera bitartean eginen da. Programa honetan, gehienez ere hiru ikaslerekin bilduko da mentore bakoitza, eta gutxienez ere bitan elkartuko dira. Bilera horietan, beren lan aukerak hobetzeko lan orientazioa emanen die, beren trebetasunak bultzatu eta sustatuko ditu, eta “networking” delakoa egiteko aukera emanen die, hots, enpresekin eta pertsonekin harremanak egin eta sarean lan egitekoa.

Bestalde, mentoretzapeko ikasleek konpromisoa hartzen dute lan orientabideko tailer batzuk egiteko, bi ordukoak, beren lanerako helburuak zehazten eta espektatibak zehazten lagunduko dietenak.

Mentoretza Seniorraren Planean izandako parte-hartzea upnapassen jasoko da, erakunde akademikoak eskaintzen dituen jardueren artean egindako prestakuntza osagarriko jarduerak biltzen dituen pasaportea.