Joan eduki nagusira

Gaur, astelehena, abenduak 16, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko (JFKZG) ikasleek elkarretaratzea egin dute Arrosadiko campusean, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Ikasleen Elkarte Nazionalak  (ANECAFYDE) bultzatutako ekintzen barruan, kirol profesionalak arautuko dituen estatu mailako lege bat onestea aldarrikatzeko. Ikasleen manifestuak azpimarratzen du lege horrek duen garrantzia kualifikazioa duten profesionalen bidez “zerbitzu fisikoen eta kirol-zerbitzuen kalitatea bermatzeko”, unibertsitate-ikasketetan eskuratutako “gaitasun profesionalak aitortzeko”, autonomia-erkidegoen arteko araudia harmonizatzeko, sektorean “laneko prekaritateari aurre egiteko” eta kirolak osasun publikoan duen eragin positiboa areagotzeko, testuaren arabera.

zoom NUPeko JFKZG Graduko ikasle eta irakasleak, elkarretaratzearen ondoren.

NUPeko JFKZG Graduko ikasle eta irakasleak, elkarretaratzearen ondoren.

“Premiazkoa dugu segurtasun juridikoa unibertsitateko gradua amaitzean, profesional guztioi gure lanbidean jarduteko aukera eman diezagun, dagoen intrusismoa eta lan-prekaritatea alde batera utzita”, NUPeko kontzentrazioan irakurritako manifestuaren arabera. “Horrez gain, azpimarratu nahi dugu gure unibertsitateko graduaren, eta, batez ere, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako profesionalen garrantzia”. 

Jardunaldia Diputatuen Kongresuan

Ekimenarekin batera Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Kontseilu Nagusiak antolatutako lan-jardunaldi bat egin da gaur Madrilgo Diputatuen Kongresuan, “Kirol profesionalak arautzeko estatu mailako legerantz” lelopean.  Topaketa horretan, zenbait unibertsitatetako eta gorputz- eta kirol-jarduerarekin zerikusia duten erakundeetako ordezkariak bildu dira, eta haren xedea da ordezkari politikoei aipatu legearen garrantzia helaraztea eta Gorteetan “legea onesteko eztabaida eraginkor bat” prestatzea.