Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ekitaldi bat egin du gaur, azaroak 28, osteguna, Aitor Erce ekonomialariari Alumni Nabarmenaren Saria eta BSH Taldeari Entitate Nabarmenaren Saria emateko. Ekitaldi instituzional berean, lanpostuaren jabetza hartu dute irakasle titular berriek eta unibertsitateko katedradunek (bi figura horiek unibertsitateko irakaskidegoetakoak dira); era berean, omenaldia egin zaie erakundean lanean 25 urte bete dituztenei (irakasle eta ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak).
Ekitaldia 12:00etan hasi da Fernando Remacha aretoan, Ramón Gonzalo erakundeko errektorea buru zela. Harekin batera, hauek hartu dute parte: Joaquín Romero erakundeko kudeatzaileak, Inés Olaizola Irakasleen Gaietarako errektoreordeak, Cristina Bayona Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak eta Roldán Jimeno erakundeko idazkari nagusiak.
Ekitaldi instituzionala
Protokolozko ekitaldian, segizio akademikoaren desfilea egin da lehenbizi, Xabier Iriarte Goñi irakaslea buru zela, eta, jarraian, Alumni Nabarmenaren Saria eman zaio Aitor Erce Domínguezi (zor publikoaren kudeaketan aditua den ekonomialaria). Jarraian, Roberto San Martín Sancho BSH Taldeak Ezkirotzeko industrialdean duen lantegiko bero-ponparen teknologiaren Garapen Globalerako Zentroko arduradunak eta NUPeko Ingeniaritza Termikoko Gradu Dualaren sustatzaileetako batek jaso du Entitate Nabarmenaren saria.
Saridunek esker oneko hitz batzuk esan dituzte, eta, jarraian, diploma eta José Antonio Eslavaren “Teobaldo erregea” eskulturaren erreprodukzio bana jaso dute.
Ondoren, idazkari nagusiak Unibertsitatean zerbitzua ematen 25 urte bete dituzten langileen “dedikazioa eta ahalegina” aintzatetsi ditu. Langile horiek oholtzara igo dira opari txiki bat jasotzeko. Behin hori eginda, omenaldia egin zaie erretiratuei. Hil diren unibertsitateko komunitateko langileak ere gogoratu dituzte.
Azkenik, unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleek zin edo promesa egin dute, gaztelaniaz, euskaraz edo bietan, eskua Espainiako Konstituzioan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan jarririk. Ekitaldia amaitzeko, Gaudeamus Igitur unibertsitateko ereserkia abestu dute.
ZuraQuartet arduratu da musikaz, Leire Fernández Sainz de Murieta, María Fernández Molina, Fermín Aramendia Sarasa eta Igor Sánchez Abárzuzak osatutako laukotea.