BSH Taldeari eman diote Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Entitate Nabarmenaren VIII. Saria. Sari horrek lankidetza-jardunbide egokiak aitortzen dizkie NUPekin edo haren Fundazioarekin lankidetza formaleko hitzarmen bat duten edo izan duten erakunde eta entitateei. Sariak ez dakar diru-esleipenik, eta BSH taldeak unibertsitatearekin izandako 26 urteko lankidetza aitortzen du, batez ere ikerketaren, jakintzaren transferentziaren eta ikasleen prestakuntzaren arloan.
BSH saritu duen sariaren epaimahaia. Ezkerretik eskuinera, Iñaki González, Iosune Pascual, Javier Vidorreta, Juana Burusco, Cristina Bayona, Mikel Zabaleta, Jon Benito, Ramo Barrena eta Francisco Falcone.
Epaimahaiak nabarmendu du BSH Taldeak “apustu irmoa egin duela ikasleen prestakuntza integralaren alde, eta hori gauzatu da, batetik, NUPeko lehen gradu duala duela gutxi abian jartzeko egin duen ekarpenean, hots, Ingeniaritza Termikoko Gradu Duala abian jartzeko, eta, bestetik, praktiketarako hitzarmenen sinaduran. Era berean, ikasle eta tituludunak laneratzearen aldeko apustua nabarmendu du, bai eta ikerketa eta ezagutzaren transferentzia babestearen aldekoa apustua ere, bai transferentzia-kontratuen bidez, bai baterako ikerketa-proiektuetan parte hartuz, eta, azkenik, Nafarroako garapen teknologiko, ekonomiko eta sozialari bultzada garrantzitsua ematen dioten ekintzetan etengabeko lankidetza bultzatzearen alde egin duen apustua.
Transferentzia, proiektuak, praktikak eta dibulgazioa
BSH Taldeak eta NUPek 25 transferentzia-kontratu sinatu dituzte gaur arte, 1998 eta 2021 artean, eta guztira 500.000 euro ingurukoak. I+G+b arloan, nabarmentzekoa da NUPeko ISC ikerketa-institutuko talde baten inplikazioa “Imitazio bidezko ikaskuntzan oinarritutako adimen artifizialeko doitasunezko industria-robotak” izeneko proiektuan, milioi bat eurotik gorako zenbatekoarekin, Nafarroako Gobernuak finantzatuta, Nafarroako beste enpresa batzuen eta NUPeko Neuraptic spin-offaren parte-hartzearekin. Gainera, BSHn doktoretza industrial bat egiten ari dira orain.
BSHk ikasleen prestakuntzari dagokionez egin duen jarduerarik garrantzitsuenetako bat izan da, adierazi den bezala, Ingeniaritza Termikoko Gradu Duala abian jartzeko izan duen inplikazioa, ezaugarri horietako lehena NUPen eta bere diziplinan lehena Espainian. Lankidetza horri esker, gradu hori egiten ari diren ikasleetako batzuek BSHren instalazioetan eginen dute laugarren ikasmaila ordaindutako prestakuntza-kontratu espezifiko batekin.
Curriculumeko nahiz curriculumetik kanpoko praktiken atalean, NUPen eta BSHren arteko lankidetza azken urteotan sinatutako 599 hitzarmenetan gauzatu da, zeinek ikasketa-laguntzetarako 2,5 milioi euroko zenbatekoa baitzuten. Alegia, batez bete 4.250 euro praktika bakoitzeko. Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleek egin dituzte praktika gehienak.
Azkenik, nabarmentzekoa da BSHk Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Senior Mentoretzako Planean parte hartzen duela, ikasleak laneratzera bideratuz, eta orobat parte hartu du Unibertsitatean egindako Enplegurako eta Ekintzailetzarako Topaketaren edizio guztietan, bai eta ikasleen ekintzailetza sustatzeko lehiaketetan eta beste prestakuntza- eta dibulgazio-ekintza batzuetan ere.
Epaimahaia eta saria
Entitate Nabarmenaren Saria urtero ematen da, eta haren bidez zenbait alderdi sustatu nahi dira: Unibertsitateko ezagutza transferitzea, berrikuntza teknologiko eta soziala; NUPeko egresatuen prestakuntza osoa eta laneratze kualifikatua babestea; ikertzaileen, ikasleen eta egresatuen artean ekintzailetzarako ekimena sustatzea; eta errealitate ekonomiko eta soziala unibertsitateko komunitatera hurbiltzeko aukera emanen duten topaketetan, mintegietan, hitzaldietan edo bestelako jardueretan parte hartzea. Halaber, unibertsitateak eta gizarteak lankidetzan gauzatzen dituzten eta garapen teknologikoa eta ekonomikoa eta aurrerakuntza soziala nabarmen bultzatzen dituzten ekintza guztiak indartu nahi dira.
Zortzigarren edizio honetan, Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreorde izan da epaimahaiburua, eta honako hauek osatu dute epaimahaia: Iosune Pascual Azcárate Unibertsitate-Gizarte Fundazioko kudeatzailea; Javier Vidorreta Salillas Gizarte Kontseiluko burua; Francisco Falcone Lanas NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) zuzendaria; Ramo Barrena Figueroa Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria (NIBGMET); Jon Benito Ostolaza Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa; Ana Burusco Juandeaburre Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko zuzendari nagusia; Mikel Zabaleta Aramendia Nafarroako Parlamentuko Mahaiko bigarren idazkaria eta Iñaki González Ramírez Errektoretzako kabineteburua eta epaimahaiaren idazkaria.
BSHri buruz
BSH Taldea etxetresna elektrikoen nazioarteko fabrikatzaile nagusietako bat da, eta 60.000 langile baino gehiago eta 37 fabrikazio planta ditu. Bere marken artean daude Bosch, Siemens eta Gaggenau, bai eta Espainiako Balay ere. 2023an, 14.890 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta horietatik % 5,7 ikerketara eta garapenera bideratu ziren.
Espainian, lerro zuriko merkatu nazionalaren burua da BSH. 4.210 langile ditu eta bost lantegi Aragoin, Kantabrian eta Nafarroan (70eko hamarkadatik dago Foru Komunitatean) eta I+G+bko 9 zentro. Taldeari “Top Employer” ziurtagiria eman diote azken 12 urteetan, hainbat arlotan izan dituen puntuazio handiengatik aitortu dute, hala nola estrategia, ikaskuntza eta pertsonen garapena eta aniztasuna.