Joan eduki nagusira

Diego López-Davalillo González, masterrean, eta Jorge Piquer Roldán, graduan, izan dira ekintzailetza-proiektuak egin dituzten Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasketa amaierako lan onenentzako Rural Kutxa Sarien VIII. edizioaren irabazleak. Bigarren sariak ere banatu ziren kategoria bakoitzean, eta hauek eskuratu zituzten: Soraya Carrasco Pedro (masterrean) eta Iñigo Larrainzar Rodríguez (graduan). Modalitate bakoitzean, lehen saria 1.000 eurokoa da eta bigarren saria 500 eurokoa.

zoom emprendimiento

Irabazleak, bigarren sailkatuak eta epaimahaikideak. Aurrean, ezkerretik eskuinera, Jorge Piquer, Iñigo Larrainzar, Diego López-Davalillo eta Soraya Carrasco Pedro. Atzean, ezkerretik eskuinera, Iosune Pascual (NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzailea), Ubaldo González (Gizarte Kontseilua); Cristina Bayona Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; Gonzalo Soto (Nafarroako Rural Kutxa) eta Fernando Baztán (CEIN).

Diego López Davalillo-González masterreko lehen sailkatuaren lana (Masterra Telekomunikazioaren Teknologietan) Carlos del Río Bocio NUPeko katedradun eta ISCko ikertzaileak zuzendu zuen, eta “Arquitectura y despliegue para una estación base autónoma de sistemas dron PX4” zuen izena. Bestalde, Jorge Piquer Roldán graduko kategoriako irabazlearen lana (Gradua Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan) Daniel Leandro González irakasleak zuzendu zuen. Honako hau zen lanaren izena: “Integración de módulos controladores de corriente y temperatura en diodos láser para la interrogación de sensores de fibra óptica”.  

Bigarren sarietako bat Soraya Carrasco Pedrorentzat izan zen (Unibertsitate Masterra Telekomunikazio Ingeniaritzan). Lanaren izena “Solución móvil para la gestión integral de datos en estudios nutricionales y deportivos” zen, eta Arantxa Villanueva Larre ISCko ikertzaile eta irakasleak zuzendu zuen. Graduan, bigarren lekuan sailkatu zen Iñigo Larrainzar Rodríguez (Gradua Ingeniaritza Biomedikoan). Lanaren izena “Diseño y desarrollo de un dispositivo de monitorización de parámetros fisiológicos mediante impresión funcional” zen, eta Armando Malanda Triguerosek zuzendu zuen.

Epaimahaia eta balorazio irizpideak

Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea izan zen epaimahaiburua eta honako hauek izan ziren epaimahaikideak: Iosune Pascual Azcárate Unibertsitate-Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzailea; Ubaldo González Delgado Gizarte Kontseiluko kidea; Fernando Baztán Valencia Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentrokoa (CEIN); eta Gonzalo Soto Escudero Nafarroako Rural Kutxak ekintzaileentzat duen lerroaren arduraduna. Honako hauek ziren sariak emateko irizpideak: berrikuntza maila, lehiarako abantaila, merkatuaren eta bezeroaren ikuspegia, proiektuaren heldutasun maila eta lanaren diziplina anitzeko izaera.