Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Finantza Klubak, Foru Komunitateko finantza erakundeetako zuzendariak elkartzen dituen Gobernu Kontseiluaren ekimenak, adimen artifizialaren aplikazioei buruzko saio bat egin du duela gutxi, eta saioan Nafarroan teknologia horri dagokionez dauden bi erreferente aurkeztu ziren: NUPeko NAIR Center eta Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedra. Bileran, Jordi Mansanet Sandín Solver Intelligent Analytics aholkularitza enpresako (Valentziako Unibertsitate Politeknikoaren “spin-off” bat) teknologiako zuzendariak adimen artifiziala enpresetan aplikatzearen alde egin zuen “lehiarako abantaila baitakar zerbitzu eraginkorragoak eta pertsonalizatuagoak eskaintzen dituelako eta merkatuaren beharrei aurrea hartzen dielako”. Adierazi zuen, halaber, ez dela soilik enpresa handien eskura dagoen aukera bat, baizik eta enpresa txiki eta ertainek dagoeneko txertatu dutela beren negozio planetan.


Daniel Paternain, Tracasa Katedraren idazkaria (zutik), Finantza Klubaren aurrean emandako hitzaldian.
“Normalean, enpresa handiak dira adimen artifizialaren alde gehien egiten ari direnak, baina datozen urteetan ziurta dezakegu tamaina guztietako enpresetan egonen dela — adierazi zuen Jordi Mansanetek —. Gaur egun, negozio txiki askok erabiltzen dute: bezeroei arreta emanen dien ahots laguntzaile bat, bezeroei eskaintza pertsonalizatuak eskaintzeko haiek hobeto ezagutzen laguntzen duen programa bat, salmentak edo bezeroen joan-etorria iragartzeko sistemak edo akatsak aurreikusteko sistemak”.
Zerbitzuak kanpora ateratzea
Victoria Corral Solver Intelligent Analytics enpresako zuzendari orokorrak adimen artifiziala finantza-eginkizunetan nola erabiltzen den azaldu zuen: Adituaren iritzian, adimen artifizialak enpresa batean arrakasta izan dezan diziplina horretan eta datuen zientzian “trebatua den talde trebea” behar da. Hasierako faseetan, zerbitzu horiek kanpora ateratzea aholkatzen da, “adimen artifizialeko talentu gutxi dagoenez kanpoko adituak kontratatzea ohiko estrategia izaten baita gabezia horri aurre egiteko”.
Esan zuen orobat “adimen artifizialak eskainitako irtenbideek beste sistema batzuekin elkarreragingarriak eta eskalagarriak izan behar dutela, etengabeko bilakaeran dauden eskaerak asetzeko”. “Horrek plangintza arduratsua eta ikuspegi estrategikoa eskatzen du”, gaineratu zuen Victoria Corralek, eta teknologia horren bi alderdi garrantzitsu gogorarazi zituen: inplikazio etikoak, hala nola datuen pribatutasuna, eta erregulazioak betetzea, esaterako Europar Batasuneko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (DBEO), zeinek “datuen erabilerari buruzko murrizketak ezartzen baitituzte eta Adimen Artifizialeko sistemek hartutako erabakietan gardentasuna eskatzen baitute”.
Onurak eta aukerak
Espezialista horren arabera, Adimen Artifizialak hainbat onura eta aukera eskaintzen ditu, hala nola zeregin errepikakorren automatizazioa, eta horrek “efizientzia operatiboa handitzen du eta lan kostuak murrizten ditu”; datuetan oinarritutako erabakiak hartzea (“zehatzagoa eta estrategikoagoa”); “enpresen etengabeko bilakaeran dauden beharretara egokitutako irtenbide eskalagarriak”; eta aipatutako lehiarako abantaila.
“Adimen Artifizialak enpresari eman diezaiokeenaren ikuspegi globala izatea” aholkatu zuen, eta teknologia horren aplikazioa bultzatzea zuzendaritza nagusitik, talde osoa inplikatuz (teknologia sailetik komertzialera). Alde horretatik, gomendatu zuen “zuzendaritza taldearekin lan saioak antolatzea, enpresarentzat garrantzitsuenak diren eta Adimen Artifizialarekin emaitza onekin konpon daitezkeen kasuak identifikatzeko”. Hala, “epe labur eta ertainerako plan bat konbinatuko duen ibilbide-orri bat definitzea” proposatu zuen, bi edo hiru zeregin zehazteko eta haietan hilabete batetik hiru hilabetera bitarteko plan pilotuak martxan jartzeko, eta, aldi berean, urtebetetik hiru urtera bitarteko iraupena duen asmo handiagoko beste bat ezartzea.
Saioan parte hartu zutenek SAP Business AI kudeaketa softwarearen bidez enpresa prozesuetan teknologia horrek eskaintzen dituen aukerak ere ezagutu zituzten, Jorge Juan Cárdaba Tejedor SAPeko Finantza soluzioetako adituaren eskutik Multinazional hori liderra da enpresa kudeaketa digitalizatzeko produktuen merkatuan. SAPek, zehaztu zuenez, “bere plataformetan txertatutako Adimen Artifizialeko ehun tresna baino gehiago garatu ditu, eta beste enpresa batzuekin eta Microsoft bezalako bazkide teknologikoekin diseinatutako 360 soluzio baino gehiago ditu”. Cardak, bereziki, Joule SAPeko adimen artifizialeko kopilotuaren erabilgarritasunak aipatu zituen. Laguntzaile horrek plataforma horretan modu intuitiboan jarduteko aukera ematen du, txostenak egiteko, informazioa lortzeko eta ordenatzeko lana errazten du, eta transakzioak egiteko aukera ere ematen du.
Nafarroako Adimen Artifizialari buruzko lana
Marisol Gomez Fernandez NAIR Centerreko zuzendari zientifikoak, berriz, erakunde horren proiektu nagusiak deskribatu zituen. Erakundea 2023ko martxoan sortu zen, eta adimen artifizialari buruzko oinarrizko ikerketa aplikatua eta Nafarroan haren erabilera sustatzeko eragileen arteko lankidetza sustatzea ditu ardatz.
Gaur egun, lau ikerketa ildo garatzen ditu: informazioaren eta datuen azterketa eta fusio adimenduna, ikaskuntza adimenduna, adimen artifizial disruptiboa eta gizartean duen eragina. Eta honako proiektu hauek aipatu zituen: IA-Speak, mintzamenaren arazoak dituztenen errehabilitaziora eta komunikazio eraginkorrera bideratutako sistema adimendun bat diseinatzeko; UPNA Green Smart & Sustainable Campus, NUPeko berokuntza sistema aztertzen duena Arrosadiko campusean instalatutako 7.500 eguzki panelek sortutako energiaren erabilera handitzeko; eta mHealth, zeinak kontsumitzaileak osasun mugikorreko aplikazioetan duen portaera aztertzen baitu.
Azkenik, Daniel Paternain Dallo irakasle eta ikertzaileak, NUPeko Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren idazkariak, 2023ko hasieran martxan jarri zenetik informazioaren teknologien arloan ezagutza sortzeko eta zabaltzeko egindako jarduerak errepasatu zituen. Zehazki, Katedraren xedea da konputazioren zientziak eta adimen artifiziala sustatzea NUPeko ikasleen artean: teknologia horiek herritarren artean zabaltzea eta ikerketa sustatzea, beste gauza batzuen artean.
Haren ekimenen artean nabarmentzekoak dira AI Challengeren bi edizioak, zeinetan graduko 151 ikaslek parte hartu baitzuten; eta Adimen Artifizialaren Astea, zeinak 1.500 lagun elkartu baititu azken bi urteetan programatutako hogeita hamar bat jarduerari esker.
Gizarte Kontseilua eta klub profesionalak
Gizarteak erakunde akademikoan parte hartzeko duen organo kolegiatua da Gizarte Kontseilua, eta Foru Komunitateko gizartearen eta erakundeen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko harremanetarako elementua da.
Klub profesionalen sorrera Gizarte Kontseiluak lanean diharduten profesionalei orientatutako prestakuntza jarraituari buruz duen lan ildoaren barruan dago, eta Gizarte Kontseiluari buruzko Foru Legean ezarritakoari erantzuten dio, Kontseiluari baitagokio "Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaskuntza-arduradunekin batera, prestakuntza jarraiturako eskaintza sustatzea lanean diharduten profesionalentzat, beren beharretara egokituko dena".