Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) International Viticulture and Enology Society (IVES) erakundean sartu da. Irabazi-asmorik gabeko erakundeak Frantzian du egoitza, eta mahastizaintzari eta enologiari buruzko ikerketen emaitzak zabaltzen ditu eta mundu osoko erakunde akademikoak, ikerketa zentroak eta upategiak biltzen ditu. Atxikimendu horri esker, Nafarroako erakunde akademikoa mundu osoan zabalduta dagoen sare baten kidea izanen da. Sare horrek mahatsondoaren eta ardoaren zientziei buruzko ezagutzarako sarbide irekia eta doakoa sustatzen du sektoreko ikertzaile eta profesionalentzat, eta arlo horietan lankidetza zientifikoa sustatzen du.
IVES 2017an sortu zen, eta hainbat eskualdetako kideek osatzen dute, batez ere Europa, Amerika eta Ozeaniakoak. Horri esker diziplina anitzeko ikuspegi globala du sektorearen garapenean eta ikerketan. Mahastizaintzako eta ardogintzako jarduerak dituzten herrialdeetako eragile nabarmenen eta bazkide instituzionalen babesa ere badu.


Gonzaga Santesteban katedraduna, Enologia Aurreratuko Masterreko eskola batean, NUPeko Praktiketarako eta Nekazaritza Ikerketarako Etxaldean.
Sarbide irekiko argitalpenak
Jakintza eta aurrerapenak askatasunez partekatzeko plataforma bat eskaintzea baitu helburu, IVESek hiru komunikabide online ditu: OENO One, parekoen ebaluazio duen aldizkari zientifikoa (2016an atera zuten); IVES Technical Reviews, sei hizkuntzatan dagoen argitalpen bat ikerketa-artikuluak sektoreko profesionalentzat egokitzen dituena (2020an sortu zen); eta IVES Conference Series, mahastizaintzari eta enologiari buruzko nazioarteko kongresuetako aktak biltzen dituen plataforma bat (2021ean jarri zen martxan). Hiru komunikabide horiek ez dute loturarik IVESeko bazkide pribatuekin argitaratze kontuei dagokienez, eta online argitaratzeko doako plataformetan daude eskuragarri, argitaletxe pribatuekin inolako loturarik gabe.
Orobat IVESek topaketa bat antolatzen du kideek esperientziak trukatzeko eta hainbat arlotako aurrerapenak aurkezteko, hala nola mahatsondoaren laborantzaren jasangarritasuna, ardoaren kalitatea hobetzea eta mahastizaintza klima-aldaketara egokitzea. Jarduera horrek jakintzaren transferentzia sustatzen eta praktikak berritzaileak garatzen laguntzen du munduko mahastizaintza eta ardogintza industriaren mesedetan.
“NUP nazioarteko gizarte horretan sartzeak posizionamendu etiko bati erantzuten dio, hots, ezagutzarako sarbidea nola artikulatu behar den gure iritzian, doakoa eta unibertsala izanen dela bermatuz. Gure erakundea sare horretako kide izateak irakaskuntzan eta ikerketan lankidetzan jarduteko hainbat aukera ekarriko ditu irakasle eta ikasleentzat mahastizaintza eta ardogintza bezalako sektore batean”, esan du Gonzaga Santesteban García katedradun eta NUPekoBiologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketarako Institutuko (IMAB) ikertzaileak. Santesteban Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuak taldeko burua da, eta Enologia Berritzaileko Unibertsitate Masterra zuzentzen du beste batzuekin batera. Master hori Nafarroako erakunde akademikoaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen baterako graduondokoa da.