Joan eduki nagusira

Gaur, ostirala, azaroak 8, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) jardunaldi bat egiten ari dira gai honen gainean: ETAk eta haren inguruak mehatxatutako kargu politikoek jasandako jazarpen-indarkeria,  bereziki “Oldartzen” ponentziaren ondoren, bai eta haren ondorioak ere. Ekitaldia I-COMMUNITAS Ikerketa Sozial Aurreratuko Institutuak  antolatu du Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzarekin eta Soziologiako eta Gizarte Laneko Sailarekin batera, eta hamalau hizlari elkartu ditu, gaian espezialistak direnen eta biktimen artean, gertaera hori bi ikuspegitatik aztertzeko: bata, akademikoagoa eta indarkeria hori nola aztertu den azaltzera bideratua; eta bestea, indarkeria jasan zutenen bizipenak entzutera bideratua.

zoom Ezkerretik eskuinera: Txema Uribe, Ana Ollo, Marta Rodríguez Fouz eta Begoña Pérez Eransus.

Ezkerretik eskuinera: Txema Uribe, Ana Ollo, Marta Rodríguez Fouz eta Begoña Pérez Eransus.

Arratsalde honetan, 17:15etik aurrera, Bisitazioko Amen komentu zaharreko Ansolega aretoan, mahai-inguru bat eginen da, eta biktimen senitartekoek parte hartuko dute: Naiara Zamarreño, Manuel Zamarreñoren alaba (ETA 1998ko ekainaren 25ean hil zuen); Marta Buesa, Fernando Buesaren alaba (ETAk 2000ko otsailaren 22an hil zuen); eta Sandra Carrasco, Isaías Carrascoren alaba (ETAk 2008ko martxoaren 7an hil zuen). Mahai-inguruaren aurretik, Lohitzune Zuloaga Lojo I-COMMUNITAS Institutuko ikertzaileak “Erronka metodologikoak jazarpen-indarkeriaren azterketan” hitzaldia emanen du. Jarraian, Marta Rodríguez Fouz I-COMMUNITAS Institutuko ikertzaileak “Jazarpen-indarkeria, aztergai. Estrategiak, orientabideak eta zailtasunak ETAren kasua erreferentzia gisa hartuta” hitzaldia emanen du.

zoom Jardunaldien hasiera, Bisitazioko Amen komentu zaharreko Ansoleaga aretoan.

Jardunaldien hasiera, Bisitazioko Amen komentu zaharreko Ansoleaga aretoan.

Goizeko programan bi mahai-inguru eta bi hitzaldi zeuden. Hasierako ponentziaren izenburua “Gazteria eta jazarpen-indarkeria” da, eta Sara Hidalgo García Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikidearen Saileko Historia irakasleak eman du. Jarraian, lehen mahai-ingurua egin da, “Kontatutako esperientziak” izenburupean, eta honako hauek parte hartu dute: Eneko Andueza Lorenzo PSE-EE alderdiko idazkari nagusia eta Rafaela Romero Pozo PSOEk Gorte Nagusietan duen diputatua Gipuzkoatik. Coral Rodríguez Fouz PSE-EE alderdiko senatari ohi eta euskal legebiltzarkide ohia izan da moderatzailea.

Nafarroako kasuak

Atsedenaldiaren ondoren, “Jazarpen-indarkeria pairatu zuten zinegotziek jasandako bidegabekeriari buruzko txostena (1991-2011)” aurkeztu du José Ramón Intxaurbe Vitorica Deustuko Unibertsitateko ikertzaile eta irakasleak. Ondoren, bizkartzainekin izandako bizipenei buruzko esperientziak kontatu dira eta Nafarroako jazarpenari buruzko lekukotasunak aurkeztu dira. Sergio García Magariño I-COMMUNITAS institutuko ikertzailea izan da mahai-inguru horretako moderatzailea, eta honako hauek parte hartu dute: Juan Frommknecht Lizarraga abokatu eta Etxarri-Aranazko zinegotzia, Maite Esporrín Lasheras Nafarroako parlamentaria eta Javier Remírez Apesteguía Nafarroako senataria.

Honako hauek inauguratu dute ekitaldia: Begoña Pérez Eransus NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea, Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Txema Uribe Oyarbide Soziologia eta Gizarte Lanaren Saileko zuzendaria eta Marta Rodríguez Fouz jardunaldiak koordinatu dituen irakaslea.