Juan Cruz Cigudosa Zientziarako, Berrikuntzarako eta Unibertsitateetarako Estatu idazkariak, Patricia Fanlo Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak eta Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak “María Goyri programa” martxan jartzeko hitzarmena sinatu dute gaur, astelehena, azaroak 4. Hitzarmen horren finantzaketari esker hasiko dira NUPen 76 irakasle eta irakasle laguntzaile doktore.
Hitzarmenaren bidez, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak, Unibertsitateetarako Idazkaritza Nagusiaren bidez, 576.358 euro inbertituko ditu 2024an, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, bere ikastegietako irakaskuntzaren eta ikerketaren kalitatea hobetzeko eta plantillak gaztetzen laguntzeko.
Ezkerretik eskuinera, Fanlo kontseilaria, Chivite lehendakaria, Cigudosa Estatu idazkaria eta Ramón Gonzalo NUPeko errektorea.
Ministerioak bere gain hartuko du 46 lanposturen kostua 2024-2025 ikasturtean, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak pixkanaka eta datozen hiru urteetan finantzatuko ditu programa osatzeko gainerako 30 lanpostuak, Nafarroan 76 izatera iritsi arte.
Talentua erakartzeko Maria Goyri programari esker, programak irauten duen 6 urteetan irakasleen edo irakasle laguntzaile doktoreen 5.600 lanpostu sortuko dira Espainiako unibertsitate-sistema publikoan. Neurri horrek Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoa (LOSU) betetzen du, eta behin-behinekotasuna murriztea, irakasleen lan-baldintzak hobetzea eta hezkuntza-zerbitzuen kalitatea handitzea du helburu.