Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Aprender-Ikasi Katedrak eta I-COMMUNITAS ikerketa-institutuak researchED Iruñea hezkuntzako ekitaldia babesten dute, zeina NUPen eginen baita azaroaren 8an. International Science Teaching Foundation (ISTF) erakundeak antolatu du jardunaldia, zeinak hezkuntzako ikerketa ikasgelako praktikarekin lotzen baitu. Jardunaldia 08:15etik 17:30era eginen da Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan, eta Iruñeko San Cernin ikastetxeak eta Science Bits eta Math Bits hezkuntza-proiektuek parte hartzen dute ekitaldiaren antolaketan.

zoom NUP.

NUP.

Tom Bennett researchED Erresuma Batua ekitaldiaren zuzendariak eta Héctor Ruiz Martín ISTFeko zuzendariak inauguratuko dute ekitaldia. Jardunaldian sei ponentzia aurkeztuko dituzte hezkuntzako ikertzaile batzuek. Horien artean dago Pablo Ruisoto Neuropsikologiako doktorea eta psikologoa. Ruisotok Neurozientzia Kognitiboan eta Portaeraren Neurozientzian aitorpena duen NUPeko ikerketa-taldea zuzentzen du.

Aipatutakoaz gain, honako hauek ere hartuko dute parte: Héctor Ruiz Martín ISTFeko zuzendari eta neurozientziako eta memoriaren eta ikaskuntzaren psikologia kognitiboko ikertzaile eta dibulgatzaile espezializatua; Fátima García Doval Filosofiako eta Hezkuntza Zientzietako irakasle eta lizentziaduna; Juan G. Fernández biologoa, irakaslea eta Irakaskuntza Ikerketa blogaren sortzailea; Célia Oliveira Psikologia Esperimentalean eta Zientzia Kognitiboetan doktorea Miñoko Unibertsitatean; eta Charo Rueda Psikologiako katedraduna eta Neurozientzia Kognitiboko irakaslea Granadako Unibertsitatean.

ResearchED ekitaldiaren helburu nagusia ikerketaren eta hezkuntza-praktikaren artean lotura sendoagoa ezartzea da, mundu osoan hitzaldiak, mintegiak, ikastaroak eta tailerrak antolatuz.

International Science Teaching Foundation

International Science Teaching Foundationek (ISTF) Londresen eta Bartzelonan du egoitza, eta 2012ko urtarrilean jaio zen ZTIM irakaskuntzan pertsonek nola ikasten duten aztergai duen zientzian oinarritutako praktikak sustatzeko. Irabazi asmorik gabeko erakunde hori munduko hainbat herrialdetako irakasle, ikertzaile eta hezkuntzako profesionalek osatzen dute. ISTF Science Bits eta Math Bits hezkuntza-proiektuen sustatzailea da. Proiektu horiek baliabideak eta tresnak ematen dizkiete irakasleei zientzien eta matematiken didaktikako eta psikologia kognitiboko ikerketek informatutako irakaskuntza hedatzeko.