Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Energia Berriztagarrien Katedrak epea ireki du datorren urtean 9 enpresa hauek eskainitako master amaierako 48 lanetakoren bat eginen duten ikasleak aukeratzeko: Ingeteam Power Technology, Siemens Gamesa Renewable Energy, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER), Array, Acciona Generación Renovable, EOSOL Taldea, Nordex Energy Spain, Nabrawind eta IED. Lan horiek 3.600 euro zuzkidura ekonomikoa izanen dute. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 6ra bitarte egonen da zabalik. Deialdiaren oinarriak erakundearen webgunean daude argitaratuta, eta haietan zehazten da zer baldintza zehatz bete behar diren deialdiko lan bakoitzerako.
Energia Berriztagarrien Katedrak antolatutako Energia Berriztagarrien inguruko Desafioa lehiaketaren irudia, master amaierako lan horietan parte hartzeko puntuak ematen dituen jardueretako bat.
Hautatutako ikasleek enpresako tutore bat eta Unibertsitateko beste bat izanen dituzte, baina eskaintzan dauden 48 lanetatik zortzi A motakoak izanen dira (tutore prestatzailea Unibertsitatekoa izanen dute) eta beste berrogeiak B motakoak (tutore prestatzailea enpresakoa). Nolanahi ere, bi kasuetan 3.600 euroko zuzkidura ekonomikoa izanen da ikasle bakoitzarentzat.
Lanaldi osoko master amaierako lanek bost hilabete iraunen dute (2025eko otsailetik ekainera edo apiriletik irailera), eta lanaldi partzialekoek, berriz, hamar hilabete (hurrengo urteko otsailetik irailera).
Balorazioa, espediente akademikoaren eta hizkuntzen arabera
Energia Berriztagarrien Katedraren Balorazio Batzordeak hauek hartuko ditu kontuan: hautagaien espediente akademikoa (80 puntu gehienez), ingelesaren ezagutza (5 puntu gehienez) eta curriculuma zenbatean egokitzen zaion master amaierako lanaren gaiari (45 puntu gehienez). Hautaketa prozesua gainditzeko, gutxienez ere 85 puntu ateratzea eskatuko da.
Ingeteam Power Technologyk master amaierako hogei lan eskaintzen ditu; Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER), zortzi; EOSOL Taldeak eta Arrayk, launa; Siemens Gamesa Renewable Energyk, Acciona Generación Renovablek eta Nordex Energy Spainek, hiruna; Nabrawindek, bi; eta IEDek, bat.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko Energia Berriztagarrien Katedraren atala.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Energia Berriztagarrien Katedra Unibertsitatearen eta zenbait enpresaren lankidetza zientifiko-teknologikoaren hitzarmen-esparru bat da. Hauek dira lankidetza horietako enpresak: Acciona Generación Renovable, Nordex Energy Spain, Siemens Gamesa Renewable Energy, Ingeteam Power Technology, CENER, Array, Grupo EOSOL, IED eta Nabrawind. Katedraren helburua ikerketa- eta irakaskuntza-jarduerak batera egitea da, hala nola master amaierako lanak edo doktoretza-tesiak.