Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Biometria, Administrazio Zuzenbidea eta Datuak” izeneko nazioarteko kongresua antolatu du azaroaren 7an eta 8an. Kongresuak ikuspegi espezifiko bat eskainiko du biometriari, administrazio-zuzenbideak egindako biometriaren erregulazioari eta ikuspegi teoriko eta praktiko batetik datu pertsonalen babesarekin duen harremanari buruz. Saioak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan (NAPI) eginen dira, zeina Nabarreria kalean baitago. Inskripzioa Unibertsitatearen webgunean eginen da, eta han dago kontsultatzeko hitzaldi eta hizlarien programa osoa. Saioak ikertzaile eta profesional juridikoentzat eta enpresa eta administrazio publikoentzat dira.
Zehazki, NUPeko Administrazio Publikoa ikerketa-taldeak antolatu du kongresua “Biometria, Zuzenbide Administratiboa eta Datuak-BIODATA” ikerketa-proiektuaren bidez. Honako hauek finantzatu dute ikerketa-proiektua: Ikerketarako Estatu Agentzia, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa eta FEDER “Europa egiteko modu bat”. Orobat Veridasen eta Nafarroako Gobernuaren laguntza du.
Ekitaldiak zenbait espezialista elkartuko ditu, eta adimen artifizialaren esparru orokorra aztertuko dute. Espainiako sistema biometrikoen erregulazioa aztertuko da, eta zuzenbide konparatua ere aipatuko da Italiako eta Frantziako kasu zehatzak aztertuz. Horrez gain, herritarrek arlo horretan dituzten eskubideak eta dauden teknika biometrikoak nabarmenduko dira, datu pertsonalak babesteko dituen ondorioekin. Alde horretatik, azalduko da administrazio publikoek nola aplikatzen dituzten sistema biometrikoak eta horrek dakartzan aukerak eta arriskuak, eta, amaitzeko, adimen artifizialaren etorkizunari buruzko ikuspegia emanen da, etikaren eta oinarrizko eskubideen ikuspegitik.
Hasierako hitzaldia azaroaren 7an, 09:30ean izanen da, eta José Luis Piñar Mañas CEU-San Pablo Unibertsitateko Zuzenbide Administratiboko katedradun eta Datuak Babesteko Espainiako Bulegoko zuzendari ohiak emanen du “Adimen artifizialaren esparru orokorra mundu aldakor batean” izenburupean. Aldez aurretik, 09:00etan, Inés Olaizola Nogales NUPeko Irakasleen Gaietarako errektoreordeak, Patricia Fanlo Mateo Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak eta Esteban Morrás Andrés Das-NANOko chairman board director-ak ofizialki inauguratuko dituzte jardunaldiak.
Amaierako hitzaldia azaroaren 8an izanen da, eta Tomás de la Quadra-Salcedo Fernández del Castillo Carlos III Unibertsitateko Zuzenbide Administratiboko katedradun emeritu eta Justiziako eta Lurralde Administrazioetako ministro ohiak emanen du “Adimen artifizialaren etorkizuna etikaren eta oinarrizko eskubideen ikuspegitik” izenburupean.
Saioak, gaikako sei mahai-ingurutan
Saioek sei mahai-inguru izanen dituzte ardatz. José Francisco Alenza García NUPeko katedradunak moderatuko du lehenengoa, eta adimen artifizialaren eta sistema biometrikoen araudian zentratuko da. Saio horretan esku hartuko dute Pablo García Mexía Gorte Nagusietako letradu eta aholkulariak, batetik, eta María Razquin Lizarraga NUPeko Administrazio Zuzenbideko katedradunak, bestetik.
Miren Sarasíbar Iriarte NUPeko irakasleak moderatuko du bigarren mahaia, eta Estatu Batuetako adimen artifizialaren eta sistema biometrikoen arauketa izanen du aztergai. Marco Calabrò irakasleak (Campania Luigi Vanvitelli Unibertsitatea, Italia) eta Maitena Poelemans Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko irakasleak (Frantzia) esku hartuko dute.
Atsedenaldiaren ondoren, 16:30etik aurrera, herritarren eskubideei buruz hitz eginen dute Aritz Romeo Ruiz NUPeko irakasleak moderatutako beste saio batean, eta honako hauek hitz eginen dute: Susana de la Sierra Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradunak, Julián Valero Torrijos Murtziako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradunak eta José Francisco Alenza NUPeko katedradunak. Arratsaldeko azken mahaian teknika biometrikoak aztertuko dira Julián Fierrez Aguilar Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Teknologia Elektrikoko eta Komunikazioetako katedradun eta BiDA Lab-eko zuzendariaren eta VERIDASEko Salmenta Ingeniaritzako zuzendariaren eskutik. Kasu horretan, Miren Sarasíbar NUPeko irakaslea izanen da moderatzailea.
Azaroaren 8an, 09:00etan, bosgarren mahaia hasiko da, eta sistema biometrikoei eta datu pertsonalen babesari buruzkoa izanen da. Martín Razquin NUPeko katedraduna izanen da moderatzailea, eta honako hauek izanen dira hizlariak: Leire Arbona Puértolas Legal&Cumplimiento-ren zuzendaria Veridasen; Aritz Romeo Ruiz NUPeko irakaslea; eta Miren Sarasíbar NUPeko irakaslea. José F. Alenzak moderatuko du azken mahaia, eta sistema biometrikoei eta administrazio publikoei buruzkoa izanen da. Honako hauek esku hartuko dute: Rubén Martínez Gutiérrez Alacanteko Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko irakaslea; Dolors Canals Ametller Gironako Unibertsitateko irakaslea; Isabel Gallego Córcoles Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedraduna; eta Francisco Javier Vázquez Matilla abokatua.