Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Kontseiluak duela gutxi baterako bilera egin du dituen klubetako birekin: CEO Kluba, zeinak Foru Komunitateko enpresetako arduradun gorenak biltzen baititu; eta Ekintzaileen Kluba, zeinak Nafarroako enpresetako ekintzaileak biltzen baititu. Bi klubetako kideek Ignacio R. Matías Maestro NUPeko katedradun eta ISC Institutuko ikertzailearen eskutik ezagutu dute etorkizuna aldatuko duten teknologia berrien panorama. Adituak nabarmendu ditu konputazio kuantikoa, hidrogeno berdea, edizio genetikoko aurrerapenak eta adimen artifiziala, zientzia eta ingeniaritza hurrengo urteetan urratsak ematera bultzatzeko aukerak dituzten esparruen artean.
Matiasek aztergai izan du iraultza teknologikoek gizateriaren arazo guztiak konpontzen ahal dituztelako ikusmoldea, eta esan du hori “zalantzagarria” dela. Hala, Nature aldizkariaren ikerketa bat aipatuz, argudiatu du zientzia disruptiboak (esparru zientifiko bat norabide berri batean bultzatzen duena) beherantz egin duela azken hamarkadetan, eta zientzia inkrementala, hain deigarria ez bada ere, oraindik ere funtsezkoa dela aurrerabiderako. “Zientzia inkrementala ez da, nahitaez, balio gutxiagokoa”, adierazi du Matiasek, eta nabarmendu du XXI. mendean berrikuntza gehienek “talde handiak, diziplina anitzekoak eta oso garestiak” behar dituztela, baina aurreko mendeetan “pertsona bat, bere lan indibidualaren bidez, berrikuntza garrantzitsuak egiteko gai zen”.
Ezkerretik eskuinera: Ignacio R. Matías, Santiago Lozano, Juan Miguel Benito eta Pablo Baroja, jardunaldian.
Alde horretatik, “epe laburrera begiratzeko eta ikerketan berehalako emaitzak lortzeko” gaur egungo joera kritikatu du, eta aurretik zeuden ezagutzak hartzen dira abiapuntutzat disrupzioa sustatu beharrean”. Hori dela eta, “ikerketa zientifikoko sistema konplexua berrantolatzearen” alde agertu da, ikuspegi globala lortzeko, alderdi partzialetan bakarrik zentratu beharrean.
Milioika aldiz indartsuagoak diren ordenagailuak
Joera teknologiko aipagarrienen artean, Matíasek konputazio kuantikoa aipatu du, datuak prozesatzeko gaitasuna aurrekaririk gabeko eskala batean aldatzen ahal duen paradigma. "Egungo superordenagailuak baino 158 milioi aldiz azkarragoa da", esan du. Eta exaeskalako ordenagailuak ere aipatu ditu, “segundoko kintilioika eragiketa egiteko gai direnak”.
CEO Klubeko kideen eta CEINeko enpresetako eta Ekintzaileen Klubeko arduradunen artean egindako bilera laburretako bat.
Konferentzian nabarmendu den beste teknologia bat hidrogeno berdea izan da, ekonomia jasangarriago eta karbonoan neutroago baterako trantsizioan funtsezko rola bete lezakeen energia iturria. Azaldu duenez, hidrogeno berdearen merkatuak 2050erako energia-eskari globalaren % 10 baino gehiago ase lezake, eta funtsezko sektoreak transformatuko lituzke, hala nola abiazioa eta erregai sintetikoen bidezko garraio astuna. Era berean, belaunaldi berriko eguzki zelulen garapena nabarmendu du. Silizioa eta perovskita konbinatzen dituzte, eta dagoeneko % 33ko efizientzia gainditzen dute (konbentzionalen % 30aren aldean), eta horrek eguzki energiaren sorkuntza areagotu lezake “hiru urtetik bost urtera bitarteko epean”.
Ingeniaritza, ikerketa eta marketina bezalako arloetan Adimen Artifizialak duen zeregin erabakigarria ere azpimarratu du, bai sortzailea, bai prediktiboa. Ildo horretan, esan du 2026rako enpresen % 80k baino gehiagok adimen artifizial sortzailearen moduren bat izanen dutela, 2023an erregistratutako % 5aren aldean igoera esanguratsua.
Osasunaren arloan, Matiasek azpimarratu du RNA mezulariaren aplikazioek potentziala dutela txertoen eta kostu txikiko tratamenduen garapenean zenbait gaixotasunetarako, hala nola minbizia eta GIB; edizio genetikoa, akats genetikoak zuzentzeko eta gaixotasun hereditarioak tratatzeko, “CRISPR bezalako tresnei esker”; eta pisua galtzeko medikamentuak, semaglutidan oinarrituak. Medikamentu horiek obesitatearen tratamenduan eraginkorrak direla erakutsi dute.
Matiasek honako hauek ere zerrendatu ditu: satelite sareetan oinarritutako posizionamendu oso zehatzeko sistemak; errealitate mistoa, zeinak mundu fisikoko eta digitaleko elementuak konbinatzen baititu murgiltze esperientziak sortzeko; eta geotermia hobetua, zeinak energia ekoizpena transformatu baitezake.
Bere ondorioetan, Matiasek nabarmendu du zientziaren etorkizuna ez dagoela teknologia berriak aurkitzearen mende soilik, baizik eta zeresana duela orobat teknologia horiek “nola aplikatzen diren gure garaiko erronka handiak konpontzeko”.
Egungo joerak enpresa-finantzaketan
Saioak aztergai izan ditu orobat egungo joerak enpresa-finantzaketaren ereduetan. Horretarako elkarrizketa bat egin da Pablo Baroja StellumGrowth-eko bazkidearen eta Santiago Lozano Fondos de Clave Capital-eko zuzendariaren artean, eta Juan Miguel Benito Ostolaza NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa izan da moderatzailea. Bi adituek azpimarratu dute beharrezkoa dela Nafarroan finantza-eragileen presentzia handitzea tokiko enpresen hazkundea errazteko. Izan ere, herrialdearen kapitalizazio txikiagoak, Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, zaildu egiten du “start-up” deitzen zaien enpresa berriei laguntzea. Orobat proposatu du Foru Komunitatetik kanpoko finantzaketa-sozietateekin lankidetzan aritzea eta Europako finantzaketa-programak hobeki baliatzea, programa horiek oraindik ere pisu gutxi baitute tokiko ekimenetan.
Saioa amaitzeko, bilera laburrak egin dira CEO Klubeko kideen artean eta Ekintzaileen Klubeko enpresetako eta CEINeko (Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroa) enpresetako arduradunekin. Txandakatu egin dira beren berrikuntza proiektuak ezagutarazteko eta beren enpresak haztea ahalbidetuko duten aliatuekin harremanak egiteko.
Gizarte Kontseilua eta klub profesionalak
Gizarteak erakunde akademikoan parte hartzeko duen organo kolegiatua da Gizarte Kontseilua, eta Foru Komunitateko gizartearen eta erakundeen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko harremanetarako elementua da.
Klub profesionalen sorrera Gizarte Kontseiluak lanean diharduten profesionalei orientatutako prestakuntza jarraituari buruz duen lan ildoaren barruan dago, eta Gizarte Kontseiluari buruzko Foru Legean ezarritakoari erantzuten dio, Kontseiluari baitagokio "Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaskuntza-arduradunekin batera, prestakuntza jarraiturako eskaintza sustatzea lanean diharduten profesionalentzat, beren beharretara egokituko dena".