Felipe Nitsche Villalobos ingeniari espainiar-txiletarrak (Santiago, Txile, 1977) Alboan GKEko nazioarteko lankidetzako teknikari-lanetan dihardu Iruñean, eta Zaragozako Unibertsitatearen sari bat jaso du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin duen master amaierako lanagatik. Lan horretan, urrunetik kontrolatutako sistema bati esker, errefuxiatuen esparruetarako irtenbide energetiko jasangarri bat proposatzen du hondakin organikoetatik biogasa sortzeko. Proiektua Nafarroako erakunde akademikoa kide duen Campus Iberusen Ekonomia Zirkularreko Unibertsitate Masterraren esparruan garatu da, eta bost kilogramo hondakineko (simaurra eta elikagai-hondarrak) 680 eta 700 litro biogas arteko errendimenduak egiaztatu ditu. Kantitate horiei esker, etxeko jardueren energia-beharrak asetzen ahal dira, hala nola elikagaiak egostea, batez beste laurogei minutuz.
Felipe Nitsche (eserita, aurrean), hiru irakaslez inguratuta (ezkerretik eskuinera): Beatriz Soret, Francisco Falcone eta Inazio Irigoien.
Zaragozako Unibertsitateko Garapenerako Lankidetzako Katedrak, Master Amaierako Lan hoberenaren sariarekin (zientzietako makroarloa), biodigestore batez baliatzen den ikerketa bat aitortu du. Biodigestorea biogasa ekoizteko materia organikoa deskonposatzen duen ontzi bat da (kasu honetan, bi metro kubikoko edukiera duena). Biogasa energia berriztagarriaren iturri gisa erabiltzen ahal da. Horrez gain, materia organikoak, behin digeritua izan ondoren, digestatoa sortzen du, nutriente ugari dituen hondakin bat, zeina nekazaritzako lurretan bioongarri gisa erabiltzen baita. Azken kasu horretan, egindako biosaiakuntzek “ohiko ongarriekin lortutakoen pareko emaitzak” erakutsi zituzten. “Datu horiek ateak zabaltzen dizkiote digestatoa errefuxiatuen esparruetako baratze komunitarioetan erabiltzeko aukerari”, esan du Felipe Nitschek. Haren master amaierako lana Beatriz Soret Lafraya NUPeko ISFOOD Institutuko ikertzaile eta irakasleak zuzendu du, eta Francisco Falcone Lanas katedradun eta ISC Institutuko katedraduna izan da zuzendarikidea. Inazio Irigoien Iriarte IMAB Institutuko irakaslearen eta Komunikazioa, Seinaleak eta Mikrouhinak ikerketa-taldeko hiru kide hauen laguntza ere izan du: Peio Iturri López, Hicham Klaina eta Imanol Picallo Guembe.
Urruneko monitorizazioa
Proiektuaren berrikuntza teknologikoetako bat LoRa (Long Range) teknologian oinarritutako monitorizazio sistema bat da, denbora errealean eta energia kontsumo baxuarekin biometanizazio prozesuaren parametro kritikoak kontrolatzea ahalbidetzen duena (biogasa ekoitzi bitartean), hala nola pH-a, tenperatura, hezetasun erlatiboa, betetze maila eta karbono dioxidoaren kontzentrazioa. Teknologia horri esker datuak transmititzen ahal dira minutu batetik hogeita hamar minutura bitarteko denbora-tarteetan 1,5 km-ko distantziara, eta horrek erakusten du interferentziekiko “erresistentzia handia” eta urruneko konektibitatea bermatzen du. “Benetako aukera da biodigestio-prozesuaren kudeaketa eta efizientzia hobetzeko, sistemaren programazioa sinplea baita eta panelen bidez (“ dashboards ”) ordenagailu, tableta edo gailu mugikor batetik munduko edozein lekutan kontsultatzen eta ikusten ahal diren datu-paketeak erosten baitira”, gehitu du Felipe Nitschek.
Monitorizazio-sistema hori ezartzeak abantaila ugari ditu testuinguru humanitarioetan. “Hala, biodigestorea eta sukaldeen erabilera denbora errealean kontrolatzeko eta monitorizatzeko aukera eskaintzen du, erabaki arrazoituak hartzea errazten du ingurumen-parametroen aldaketa bortitzak daudenean, eta sistemaren akatsak garaiz konpontzea ahalbidetzen du —azaldu du lanaren egileak, zeinak 400 euro eta diploma bat jasoko baititu sariagatik—. Gainera, horri esker joan-etorri gutxiago egin behar dira datuak biltzeko, eta karbono-aztarna arintzen laguntzen du”.
Nazioarteko lankidetzako esperientzia
Felipe Nitschek Ingeniaritza egin zuen (Bioteknologiako aipamenarekin) Txileko Unibertsitate Teknologikoan. Ekonomia Zirkularreko Masterra egin aurretik, Bioetikako Espezializazio Diploma lortu zuen Txileko Pontifize Unibertsitate Katolikoan. Ekonomia Zirkularreko Masterra Campus Iberuseko lau unibertsitateen baterako titulazioa da (Errioxakoa, Lleidakoa, NUP eta Zaragozakoa).
Bere lan-ibilbidean, bizitzarako eta inklusio ekonomikorako bitartekoen aholkularia eta koordinatzailea izan da Txileko, Ekuadorko, Txadeko, Italiako eta Asia-Pazifikoko eta Hegoafrikako Errefuxiatu eta Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzuan; giza eskubideen eta nahitaezko desplazamenduaren aholkularia Kolonbiako Hinabu Consultoresentzat; Argentinako Giza Eskubideen Diziplinarteko Sarearen koordinatzailea; eta herritartasun globalerako hezkuntza-teknikaria Iruñeko ACNURen Espainiako Batzordean.