Joan eduki nagusira

Zortzi nazionalitatetako hogei bat ikaslek hasi dute 2024-25 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) International Businesseko Masterraren (nazioarteko negozioak) bigarren edizioa. Titulua osorik ingelesez ematen da, eta erakundeak Europa, Amerika, Afrika, Asia eta Espainiako zenbait autonomia erkidegoetako ehun eskaera baino gehiago jaso zituen titulu ofizial hori egiteko. 

zoom master business

Masterreko edizio honetako ikasleak, Amaya Erro zuzendari akademikoarekin batera, NUPen (zutik, lehenengoa ezkerreko aldean).

Masterrari esker ikasleek nazioarteko merkatuei buruzko prestakuntza jasoko dute, ezagutza estrategiko eta analitiko zabalak eskuratuko dituzte, eta gaitasuna izanen dute lidergorako, ebaluaziorako eta erabakiak hartzeko. Era berean, graduondokoan erakunde batentzat nazioartekotze-proiektu bat eginen da taldean, aditu batek zuzenduta. Irakasleei dagokienez, NUPeko irakasleek eta jardunean dauden profesionalek ematen dituzte erdi bana tituluko irakasgaiak. Amaya Erro Garcés NUPeko irakaslea da masterreko zuzendaria eta Ainhoa Urtasun Alonso irakaslea, berriz, masterraren idazkaria eta kalitatearen arduraduna.

Masterreko ikasleek NAEX Talentua bekak eskatzen ahal dituzte. Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak bultzatu ditu bekak Nafarroako Nazioarteko Planaren bidez. Bekek finantzatzen dituzte masterraren matrikula eta praktikak atzerrian egiteko prestakuntza 24 hilabetez gehienez ere (ICEX España Exportación e Inversiones erakundearen merkataritzako bulegoetan eta atzerriko nafar enpresetan). Gainera, ikasleek aukera dute curriculumetik kanpoko praktikak egiteko masterrean, eta horretarako Unibertsitate-Gizarte Fundazioak eta Nafarroako Enpresaburuen Elkarteak parte hartzen dute. 

2023ko edizioan NAEX Talentua programaren onuradun izan ziren zazpi lagunetatik bostek ICEXek Washingtonen eta Chicagon (Estatu Batuak), Pekinen eta Guangzhoun (Txina) eta Düsseldorfen (Alemania) dituen merkataritzako bulegoetan dihardute, eta beste bik Tetrace enpresetan, Houstonen (Texas, Estatu Batuak) eta Isimarren, Dubain (Arabiar Emirerri Batuak).

Ikasleen profila

International Businesseko Masterra Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako, Ekonomiako edo antzeko unibertsitate titulazioetako lizentziatura edo gradua dutenei zuzenduta dago.  Beste titulazio batzuetatik joanda egiteko aukera ere badago, enpresen administrazioko eta zuzendaritzako prestakuntza izanez gero, edo lan esperientzia sendoa izanez gero arlo horietan.

Masterra amaitzean, aukera dago arlo hauetako arduradun aritzeko nazioarte-mailan: finantza-operazioak, logistika, merkataritza-administrazioa, produktuen biltegiratzea, B2Ben salerosketa, langile-zuzendaritza. Orobat ibilbide profesionala egiten ahal da nazioartekotzeko aholkularitzan, atzerriko filialen zuzendaritzan edo eremu publikoko merkataritza-bulegoen arduradun gisa, aduana- eta merkataritza-agentzietako arduradun gisa eta eremu geografiko jakin batzuetako bezero-zorroen arduradun gisa (Export Area Manager), bai eta esportazio-proiektuen eta kanpoko merkatuetan ezartzeko proiektuen zuzendaritzan ere.