Iñigo García Ranzek (Atarrabia, 1999) Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta material konposatuak erabiltzea proposatu du euskal pilotako bi modalitate hauetan erabiltzen diren zestak egiteko: erremontea eta zesta-punta. Master amaierako lanean, aztergai du joko-tresnak modernizatu beharra material aurreratuak erabiliz, hala nola epoxia eta aramaida. Erresistentziari eta iraunkortasunari dagokionez material horiek hobekuntza nabarmenak eskaintzen dituzte gaztainondo-zurarekin egindako zesta tradizionalen aldean.


Ezkerretik eskuinera: Xabier Sandua, Iñigo García Ranz eta Daniel Salcedo, erremonteko eta zesta-puntako zestekin.
Azterlana zentratzen da egungo zestek dituzten erronka nagusietan, hala nola, egileak azaldu duenez, “zesten produkzio-kostu handia eta uztaiaren hauskortasuna”, zeinak normalean gaztainondo-zurarekin egiten baitira. Arazo horiek zesten bizitza baliagarria eta jokoan duten errendimendua mugatzen dituzte. Eragozpen horiek gainditzeko, García Ranzek materialen azterketa sakona egin du, eta inpaktuarekiko erresistentzia areagotzeaz gain, pilotaren modalitate horien eskakizunetarako malgutasun egokia duen egitura bat diseinatzeko aukera ematen duten konposatuak aukeratu ditu. Izan ere, modalitate horiek “apenas eboluzionatu duten denboran, joko-tresnako materialen erresistentziari eta egokitzapenari dagokienez”.
Ikertzaileak saskiaren propietate mekanikoak hobetzen dituzten materialen hautaketa baliozkotu du elementu finituen bidezko (FEM, ingelesezko sigletan) simulazio informatikoen bidez. Teknika matematiko horri esker, tresnaren portaera estrukturala aurreikusten ahal da erabilera-baldintza desberdinetan. Lortutako azken diseinuak barne hartzen du “zuntzen eta ehunen antolamendu ezin hobea material konposatuetan, produktuaren erresistentzia eta iraunkortasuna maximizatzeko”.
Material konposatuetan, epoxia matrize modura erabiltzen da eta aramida (zuntz sintetiko bat) erretxina horretan sartzen da material erresistenteagoa eta estrukturalki solidoagoa osatzeko.
“Material konposatuek inpaktuekiko erresistentzia handiagoak dituzte gaztainondo-zurak baino. Nolanahi ere, haien malgutasuna ez da horrelako zuren parekoa. Epoxiz eta aramidaz osatutako material konposatu batek inpaktuarekiko erresistentzia handiko eta gaztainondo-zuraren antza duen malgutasuneko emaitzak lortu ditu”, azaldu du master amaierako lanaren egileak. Ingeniaritza Saileko bi irakasle hauek zuzendu dute lana: Xabier Sandua Fernández INAMAT2 Institutuko ikertzailea eta Daniel Salcedo Pérez ISC Institutuko ikertzailea. Sail bereko beste irakasle batek ere lagundu du: Amaia Perez Ezkurdia.
Egilearen arabera, lanak “emaitza itxaropentsuak ditu etorkizunean material funtzional berri horrekin egiteko zesten uztaiak”.
Egileari buruz
Iñigo García Ranz Ingeniaritza Mekanikoan graduatu zen NUPen, eta gero ingeniari-lanetan aritu zen zenbait enpresatan, hala nola Microlan Aerospace eta Loxin. Jarraian, Madrilgo Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Masterra egin zuen Alfonso X el Sabio Unibertsitatean (UAX), eta horri esker hasi zen orain duen lanpostuan, hots, Donapeako ETI Zentro Integratu Politeknikoko Lanbide Heziketako irakasle-lanetan. Bere prestakuntza prozesuari jarraituz, NUPeko Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra egin du irakasle-lanetan ari zen bitartean.
Iñigo García Ranz goma paletako jokalaria ere bada, eta “euskal pilotako kirolen zale amorratutzat du bere burua”.