Tania del Socorro Rodríguez Palacios Nikaraguako irakaslea lehen doktoregaia izan da doktoretza-tesiak egiteko kotutoretzarako lankidetza hitzarmena baliatzen. Hitzarmenari esker Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nikaraguako Unibertsitate Amerikarrak (UAM) emandako doktorearen titulu bikoitza lortzen ahal da. Nafarroako erakunde akademikoaren Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzak sustatu du hitzarmen hori, eta bi erakundeen arteko lankidetza akademikoa sendotzea du xede.


Ezkerretik eskuinera: José Luis Iriarte, Tania del Socorro Rodríguez eta Unai Belintxon, NUPeko Arteak eraikinean.
Rodríguez Palacios Ekonomiako, Enpresako eta Zuzenbideko Doktoretza Programa egiten ari da, eta orain egonaldi bat egiten ari da Nafarroako erakunde akademikoan. Haren ikerketa zentratzen da teknologia berrien erabileran eta gatazkak konpontzeko metodo alternatiboetan duten aplikazioan, eta arreta berezia eskaintzen die Nikaraguako eta Europako sistema juridikoei. José Luis Iriarte Ángel NUPeko Zuzenbide Saileko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradun eta I-COMMUNITAS Institutuko ikertzailea eta Eduardo Andrés Calderón Marenco UAMeko Nazioarteko Zuzenbideko irakaslea batera gainbegiratzen ari dira lana.
Horrez gain, hitzarmenari esker bigarren doktoregai bat sartu ahal izan da, eta haren ikerketak aztergai du giza eskubideen urraketa adingabeen sexu-ziberjazarpeneko kasuetan (“child grooming”) sare sozialen bidez. Alicia Chicharro Lázaro NUPeko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko eta Nazioarteko Harremanetako irakasle eta I-COMMUNITAS Institutuko ikertzaileak eta Eduardo Andrés Calderónek zuzentzen dute tesia.
Doktoregaiaren curriculum laburra
Tania del Socorro Rodríguez Palacios Zuzenbidean lizentziaduna da, Zuzenbide Ekonomikoko aipamenarekin, bere herrialdeko erakunde akademiko batean, hots, Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean (UCA) (2010), non Enpresen Zuzenbideko master bat ere egin baitzuen Aholkularitza Juridikoko espezializazioarekin (2015). Egun irakasle eta ikertzailea da Nikaraguako Unibertsitate Amerikarrean eta NUPeko Askatasun Komunitarioak eta Zuzenbide Komuna ikerketa-taldeko kidea. Unai Belintxon Martin Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko irakasle titular eta I-COMMUNITAS Institutuko ikertzaileak zuzentzen du ikerketa-taldea.
Unibertsitate Amerikarraz
Unibertsitate Amerikarra (UAM) titulartasun pribatukoa da, eta 1992an sortu zuen irakaskuntzan, ikerketan eta kudeaketan esperientzia zuten unibertsitateko katedradunen talde batek, goi mailako hezkuntza Nikaraguan garatzen laguntzeko asmoz. Erakundeak 7.000 ikasle inguru ditu, eta graduko hogei bat titulazio eta hezkuntza jarraituko hogei bat programa eskaintzen ditu.
Sortu zenetik, garrantzia handia eman die nazioarteko harremanei. Hala, lankidetza akademikoko hitzarmenak ditu zenbait erakunderekin, hala nola Monterreyko Institutu Teknologikoa (Mexiko), zeinak Enpresen Administrazioko Maisutza eta zenbait graduondoko baititu, eta Valladolideko Unibertsitatea, zeinari esker Enpresa Zuzenbideko Masterra ematen baita. Estatu Batuetan egoitza duen ISEP nazioarteko trukerako programaren kide den Nikaraguako unibertsitate bakarra da.