Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrak NUPeko Hezkidetzari buruzko I. Jardunaldiak antolatu ditu, eta urriaren 22an eta 23an eginen dira. Saioak Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan eginen dira 16:00etatik 20:00etara, eta doakoak dira baina izena eman behar da aldez aurretik. Programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
Programazioa hiru ponentziaren inguruan antolatu da, eta haietan parte hartuko dute Amelia Barquínek (urriaren 22an, 16:15ean), Idoia Lekuek (urriaren 22an, 18:00etan) eta Marian Morenok (urriaren 23an, 16:00etan); eta hiru mahai-inguru eginen dira irakasle eta adituen parte-hartzearekin. Honako hauek inauguratuko dituzte saioak: Begoña Pérez Eransus NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea; Gil Sevillano González Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako zuzendari nagusia; Patricia Abad Encinas Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea eta Patricia Amigot Leache NUPeko Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrako zuzendaria. Saioei amaiera emanen diete Alicia Peñalva Vélez NUPeko Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak eta Alicia Ruiz Oria Nafarroako Gobernuko Inklusioaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko zuzendariak.
Gogoeta egiteko topagunea
Jardunaldi hauen helburua da gogoetarako topagune bat sortzea profesionalentzat, hezkidetzaren arloko adituentzat eta jardunean zein prestakuntzan ari diren irakasleentzat. Xedea da bertatik bertara ezagutzea Skolae programaren barrenean zenbait hezkuntza-mailatan garatzen ari diren hezkidetza-jardunbide onak Gainera, Hezkuntza Departamentuaren eta NUPeko Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen arteko lankidetza indartu nahi da, NUPeko Irakasletzako graduetan genero perspektiba gero eta gehiago sartuz eta gizarte berdinzaleagoa eta inklusiboagoa sustatzeko beharrezkoa den prestakuntzan lagunduz.