Aimar Echeverria Bravo, Unax Uterga Flamique eta Hugo Lozano Mendoza ikasleek osatutako Nafarroako Unibertsitate Publikoko taldea bigarren postuan sailkatu da Makinen eta Mekanismoen Teoriako Olinpiada Nazionaleko V. edizioan. Txapelketa irail amaieran jokatu zen Extremadurako Unibertsitateko Industria Ingeniarien Eskolan (Badajoz). Taldearen tutore lanetan Aitor Plaza Puértolas NUPeko Ingeniaritza Saileko irakaslea aritu zen.


Olinpiadako parte-hartzaileak NUPen aldetik: Ezkerretik eskuinera, Unax Uterga, Aitor Plaza, Aimar Echeverria, Xabier Iriarte, Jon Lasaga, Xabier Lázaro, Eduardo Martín eta Hugo Lozano.
Olinpiadan, gai hauei buruzko idatzizko proba bat egin zen bakarka: mekanismoen egitura, mugikortasuna eta errotabilitatea, mekanismo lauen zinematika eta dinamika, eta mekanismoen, espeken eta engranajeen sintesi dimentsionala. Proba horretan, Aimar Echeverria Bravo bigarren postuan sailkatu zen Espainia osoko unibertsitateetako 22 parte-hartzaileren artean. Taldekako sailkapena egiteko, taldeko bi kide hoberenen notak hartu ziren kontuan.
NUPen aldetik, Ingeniaritza Mekanikoko Graduko laugarren ikasmailako ikasle hauek ere hartu zuten parte: Eduardo Martín Erice, Jon Lasaga Biurrun eta Xabier Lázaro Muro. Tutore gisa, Xabier Iriarte Goñi Ingeniaritza Saileko irakaslea joan zen ikasle-talde horrekin.
Irakasleen bilera eta olinpiadaren ezaugarriak
Olinpiadaren esparruan, Ingeniaritza Mekanikoko eta Ibilgailuen Ingeniaritzako Irakasleen XIX. bilera egin zen, irakaskuntza eta ikerketa jardueraren esparruko esperientziak edo ingeniaritza mekanikoaren irakaskuntzako kudeaketa-arazoak partekatzeko gune bat.
Makinen eta Mekanismoen Teoriako Olinpiada, Ingeniaritza Mekanikoaren Espainiako Elkarteak antolatutakoa, unibertsitate taldeen arteko lehiaketa publikoa da, eta ingeniaritzako ikasleek arlo horretan eskuratutako ezagutzak eta trebetasunak sormenez aplikatzeko helburua du. Horren bidez, beren arloko ezagutzak eta berrikuntzak dibulgatu nahi dira, eta talentua erakarri, enpresan nahiz ikerketa-zentroetan egiten diren lanei jarraipena emateko.