Joan eduki nagusira

Ostegun honetan, urriak 10, Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hitzaldi bat antolatu du ongizate emozionalarekin lotutako arazoei buruz kontzientziatzeko. Hitzaldia interesa duen edonori dago zuzenduta. Hitzaldiaren izenburua “Eman ‘like’ zure osasun mentalari” da, eta Alfonso Arteaga erakunde akademikoko Osasun Zientzien Saileko irakasle titularrak emanen du 12:00etatik aurrera Arrosadiko campuseko liburutegiko Open Space gunean. 

Alfonso Arteaga osasun-zientzietan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean eta Psikologian lizentziaduna UHUNen. Orobat Psikologoan doktorea da NUPen, eta han Osasun Zientzien arloko doktoretzako sari berezia eskuratu zuen. Hogei urte baino gehiagoko esperientzia profesionala du adikzioen eta jokabide arriskutsuen prebentzioaren esparruan. Urte horietako asko Nafarroako Gizakia Helburu Fundazioan igaro ditu profesionalak prebentzioan prestatzen. 2008tik, NUPeko irakaslea da, eta hango ikerketa-talde batean dihardu: Psikologia Klinikoa eta Psikopatologia, Javier Fernández Montalvo katedradunak zuzendua.

Hain zuzen ere NUPeko liburutegiak lau irakurgai-proposamen egin ditu, eta Arrosadiko campuseko eraikineko zenbait tokitan daude eskuragarri abendura arte. Honako hau da haietako baten izenburua: “Hitz egin dezagun osasun mentalaz”. Aukeraketak 35 lan biltzen ditu, ongizate emozionala zenbait ikuspegitatik aztertzen dutenak. Helburua da osasun mentala zaintzearen garrantzia ikusarazteko baliabideak eskaintzea eta gaiari buruzko ezagutza handiagoa sustatzea. Irakurgaiak Arrosadiko campuseko liburutegiko atarian daude.