UNITAk, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) kide duen hamabi unibertsitateen europar aliantzak, UNITApedia jarri du abian. Lankidetza-tresna bat da, eta haren xedea da zazpi herrialdetako komunitate akademikoetan eta eragin-lurraldeetan ikasleen, irakasleen eta irakasle ez diren langileen mugikortasuna sustatzea eta nazioarteko ikerketa-proiektuak eta baterako titulazioak garatzea helburu duen proiektu baten inpaktua monitorizatzea eta ebaluatzea. Tresnak proiektuaren datuak biltzen ditu, eta Wikipediaren kode irekian oinarritutako adimen artifizialaren soluzioetan oinarrituta garatu da. Martin Larraza Kintana Nafarroako erakunde akademikoko katedradun eta Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordeak aurkeztu zuen tresna berriki, Euskal Herriko Unibertsitatean, “Eragin sozialaren neurketaren arloko aurrerapen berriak eta desafioak” izenburupean egin den ikastaro batean.
UNITApedia ezagutza partekatuko espazio gisa sortu da, eta UNITAren jarduerekin lotutako datuak biltzea eta bistaratzea ahalbidetzen du. Plataforma uztailaren 1etik dago erabilgarri, eta ikasle, irakasle eta administrazioko langileek eta kanpoko laguntzaileek proiektuaren aurrerapen eta emaitzei buruzko informazio eguneratua eskuratzen ahal dute. Horrekin, gardentasun eta parte-hartze handiagoa lortu nahi dira aliantzaren helburu estrategikoen jarraipenean.
UNITApediaren lau alderdiak
UNITApediaren egitura UNITAren inpaktu-eremuak jasotzen dituzten lau alderdiren inguruan antolatzen da. Egiturazkoa zentratzen da proiektuaren barne-antolaketan, eta barnean hartzen ditu jardueren plangintza eta exekuzioa lan-paketeen arabera. Estrategikoak aztergai du aliantzaren helburuak betetzeko egindako jarduerek epe luzean duten inpaktua. Proiektuaren eragileei dagokiona zentratzen da zuzenean edo zeharka onuradunak direnetan, hala nola ikasleak, irakasleak administrazioko langileak eta interes taldeak. Azkenik, semantikoak parte-hartzaile guztien ekarpenek elikatutako ezagutza bizi eta partekatua sortzea eta kudeatzea ahalbidetzen du.
Ikuspegi tekniko batetik, UNITApedia konektatuta egonen da UNITAren datuen biltegiarekin (“data warehouse”), eta horri esker informazio eguneratua eta inpaktu-adierazleen bistaratze dinamikoak integratuko ditu. Ikuspegi horrek erraztu egiten du UNITAren jarduerek ingurunean dituzten ondorioak denbora errealean aztertzea, eta tresna erabilgarria eskaintzen du erabakiak hartzeko eta ezarritako estrategiak etengabe hobetzeko.
UNITA – Universitas Montium
UNITA – Universitas Montium aliantza 2020an sortu zen, eta egun honako hauek osatzen dute: hamabi unibertsitate, eskubide osoko hamar bazkide eta bi erakunde elkartu. Beraz, 250.000 ikasleko eta 21.000 laguneko giza taldea irakasleen eta teknikari eta administrazioko langileen artean.
Honako hauek dira unibertsitate bazkideak: Barnealdeko Beirako Unibertsitatea eta Guardako Institutu Politeknikoa (Portugal); Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea (Espainia); Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanceko Unibertsitatea (Frantzia); Turingo Unibertsitatea eta Bresciako Unibertsitatea (Italia); Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea eta Brasoveko Transilvania Unibertsitatea (Errumania). Honako erakunde hauek parte hartzen dute elkartu gisa: Mendebaldeko Suitzako Goi Mailako Eskola Espezializatua - HES-SO (Suitza) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi Unibertsitate Nazionala (Ukraina).
Horiek guztiek ezaugarri komun hauek dituzte: eskualde menditsuetan daude, beren herrialdeetako mugetatik gertu eta hizkuntza erromantzeak hitz egiten diren lekuetan.