Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Rural Kutxak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute irakaskuntzako, ikerketako eta unibertsitate zabalpeneko zenbait programa garatzeko. Zehazki, ikasleen mugikortasun bekak eta ekintzailetzarekin lotutako jarduerak finantzatzea aurreikusten da, baita mugikortasun jasangarriarekin lotutako zenbait ekintza ere. Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta Ignacio Terés Nafarroako Rural Kutxako presidenteak sinatu dute hitzarmena.

Partidarik handiena ikasleen nazioarteko mugikortasun beketarako erabiliko da, ikasleek egonaldiak egin ditzaten bai Erasmus+ programaren bidez, bai NUPen programa propioen bidez: Palafox, Martín de Rada, aldebiko hitzarmenak, ISEP eta Prestakuntza Solidarioa.

zoom Ezkerretik eskuinera: Ramón Gonzalo NUPeko errektorea eta Ignacio Terés Nafarroako Rural Kutxako presidentea.

Ezkerretik eskuinera: Ramón Gonzalo NUPeko errektorea eta Ignacio Terés Nafarroako Rural Kutxako presidentea.

Ekintzailetza eta mugikortasun jasangarriko ekintzen sustapena

Gorago adierazi bezala, hitzarmenari esker jarduera bereziak ere finantzatuko dira unibertsitateko komunitate osoan ekintzailetza bultzatzeko eta sustatzeko. Esate baterako, laguntzak emanen dira NUPeko “spin off” enpresa gisa aitortutako oinarri teknologikoko enpresak sortzeko, ekintzailetza-proiektuekin zerikusia duten ikasketen amaierako lanak sarituko dira, eta ekintzailetzari buruzko ikerketak eta zabalkunde-jarduerak bultzatuko dira.

Gainera, hitzarmenari esker, Nafarroako Rural Kutxak Berrikuntzaren eragilea proiektua kofinantzatuko du, eta NUP gizartera lotzeko Pharus programaren bidez garatuko da. Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak koordinatzen du programa hori, eta gaikuntza-esperientzia bat da, diziplina guztietako ikasleek berrikuntza disruptiboko prestakuntza jaso dezaten, enpresak arlo horretan unibertsitatearekin harremanetan jar daitezen, eta ikertzaileek transferentziarako aukerak areagotu ditzaten. 

Azkenik, mugikortasun jasangarria sustatzeko ekintzak ere eginen dira, bizikleta elektrikoaren erabilera bultzatzera zuzenduak batik bat.