Joan eduki nagusira

Gaur, osteguna, urriak 3, eta bihar, ostirala, urriak 4, bilera zientifiko bat eginen da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta han aztergai izanen dituzte osasun-zerbitzuak kontratatzeko, emateko eta antolatzeko digitalizazioak planteatzen dituen inplikazio juridiko, bioetiko, mediko eta teknologikoak (telemedikuntza, eHealth), medikuntza pertsonalizatuaren aurrerapena eta osasun digitalean adimen artifiziala ezartzeko erronkak. Sinposioaren izena Zerbitzu Medikoak Kontratatzeko eta Emateko Digitalizazioari eta Adimen Artifizialari buruzko Nazioarteko I. Kongresua da, eta bost herrialdetako eta zenbait diziplinatako (zuzenbidea, osasuna eta teknologia) nazioarteko ikertzaile profesionalen topagunea da. Kongresuak diziplinarteko ikuspegia du.

zoom Ezkerretik eskuinera: Beatriz Rodríguez, Edurne Barrenechea, Fernando Domínguez eta Raquel Luquin, kongresuaren inaugurazioan.

Ezkerretik eskuinera: Beatriz Rodríguez, Edurne Barrenechea, Fernando Domínguez eta Raquel Luquin, kongresuaren inaugurazioan.

Raquel Luquin Bergareche NUPeko INARBE Institutuko Zuzenbide Saileko Zuzenbide Zibileko irakasleak zuzentzen du kongresua, eta sei mahai-inguru ditu. Haietan hainbat gai dituzte aztergai, hala nola, telemedikuntzaren arauketa Espainiako zuzenbidean eta zuzenbide konparatuan, osasun-zerbitzuak kontratatzea eta ematea plataformen bidez eta mediku-paziente harremana birdefinitzea. Orobat aztergai dira paziente digitalaren egoera, gaitasunak eta profil profesional berriak ekosistema berrian eta osasuneko datu pertsonalak babesteko araubidea. Adimen artifizialaren aplikazioa aztergai da teknologia horren laguntzarekin zerbitzu medikoak emateagatik eta robotek eta osasun-produktuek eragindako kalteengatik izandako erantzukizun juridikoari dagokionez eta Adimen Artifizialeko sistemek osasunean duten segurtasunari dagokionez.

Kongresuan parte hartuko dute Espainia, Italia, Estonia, Portugal eta Argentinako unibertsitate eta ikerketa-zentroetako espezialistek. Hizlarien artean, badaude NAGEN DATA proiektuko mediku eta ikertzaileak. NAGEN DATA proiektua da Genoma Navarra proiektuaren datu genomikoak erabiltzeko eta berrerabiltzeko ekosistema. Nafarroako Gobernuak finantzatzen du (Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentua) 2023-2026 aldiko I+Gko proiektu estrategikoetarako laguntzen bidez.

Kongresuaren formatu hibridoa

Kongresua formatu hibridoan egiten da. Hala, berrogeita hamar bat lagunek parte hartzen dute sinposioan modu presentzialean eta ia beste hainbeste lagunek urrutitik parte hartzen dute Interneten bidez. Kongresua NUPeko Arrosadiko campusean ari dira egiten.

Ekitaldiak Telemedikuntzako Zerbitzuen Kontratazioa: Gaurkotasuna eta Desafio Juridikoak (CODISEMED) izeneko ikerketa-proiektua burutu du. Raquel Luquinek zuzendu du proiektua Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eta Europar Batasuneko Next Generation EU funtsen finantzaketarekin. Ekimenak jarraipena ematen dio Zuzenbidea Osasun Digital Pertsonalizatuaren eta Robotikaren aurrean (SALUDPYR) izeneko proiektuari. Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatu dute ekimena. Kasu horretan, Cristina Gil Membrado Balear Uharteetako Unibertsitateko katedraduna eta Raquel Luquin bera dira ikertzaile nagusiak.

Kongresua gaur inauguratu du, eta bertan izan dira Edurne Barrenechea Tartas, NUPeko Garapen Digitaleko errektoreordea, Fernando Domínguez Cunchillos, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria eta Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano erakunde akademikoko Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa eta Raquel Luquin sinposioko antolakuntzako zuzendaria.