Joan eduki nagusira

Gaur, osteguna, irailak 26, eta bihar, ostirala, irailak 27, Administrazio Publikoetan Agregakin Birziklatuen Erabilera Sustatzeko I Jardunaldiek 75 profesional bilduko dituzte eraikuntza publikoen material horien erabilera bultzatzeko esperientziak eta estrategiak trukatzeko. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ekonomia Zirkularreko Transferentziaren eta Berrikuntzaren Katedrak eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketak (GAN-NIK) antolatu dute topaketa, eta jardunaldietan orobat aztergai izanen dute agregakin birziklatuak erabiltzeko araudi espezifiko baten garapena. Itziar Gómez López aipatu empresa publikoaren zuzendari kudeatzaileak eta Andrés Seco Meneses erakunde akademikoko irakasleak jardunaldiak inauguratu dituzte gaur.

zoom Jornada aridos

Jardunaldietako parte-hartzaileak NUPeko Sario eraikinean.

Agregakin birziklatuak material pikortsuak dira, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak prozesatzetik lortzen direnak. Elementu horiek, baztertu beharrean, birziklatze-prozesu batetik igaro ondoren berrerabiltzen dira, eraikuntzaren barruan hainbat aplikaziotan erabiltzeko material berri bihurtu arte, hala nola errepideak, oinezkoentzako bideak, betelanak eta zimenduak eta hormigoi birziklatuaren fabrikazioa. Agregakin birziklatuek kalitate-estandar jakin batzuk bete behar dituzte, xede dituzten aplikazioetan egokiak direla ziurtatzeko. Izan ere, badaude araudi espezifikoak erabilera arautzen dutenak eta eskakizun teknikoak eta ingurumenekoak hartzen dituzten kontuan.

Jardunaldiek Nafarroako Gobernuaren laguntza dute, eta NUPeko Arrosadiko campuseko Sario eraikinean eginen dira. Hiru gai-multzotan banatuko dira, eta zenbait proiektu eta arrakasta kasu aurkeztuko dira. Horietan lehena lan publikoan agregakin birziklatuak erabiltzean izandako esperientziei buruzkoa da, eta gaur goizean adibide batzuk azaldu dira, hala nola Malaga hiriko ECOFIR proiektua, zeinak zoru jasangarri eta birziklatuen aldeko apustua egiten baitu, edo Nafarroan eta Murtzian abian jarritako ekimen pilotuak, zeinek erakusten baitute nola posible den material horiek modu efizientean eta ingurumena errespetatuz integratzea azpiegituren eraikuntzan.

Hormigoitik errepideetara

Bigarren multzoa agregakin birziklatuak erabiltzeko araudi espezifikoari buruzkoa da. Saio hori gaur, osteguna, arratsaldean izanen da, eta zenbait gai aztertuko dira, hala nola agregakin birziklatuen erabilera hormigoian eta errepidean, bai eta Asturiasko Printzerriak garatutako zoru jasangarrien katalogoak eta eskualde horretan bigarren mailako lehengaien garapena ere.

Ostiral goizean, hirugarren gai-multzoak hainbat gai izanen ditu aztergai, hasi administrazio publikoen sustapenetik eta agregakin birziklatuen erabilerara.  Hala, material horiek sustatzeko oztopoak eta akuiluak eztabaidatuko dira, bai eta administrazio publikoek material horien erabilera sustatzeko duten eginkizuna ere. 

Jardunaldietan Hormigoi Ekojasangarrien Espainiako Elkartea aurkeztuko da. Bederatzi unibertsitatek eta Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiak (CSIC) bultzatu dute elkartea, obra zibila eraikitzeko gehien erabiltzen den elementuaren osagaiei alternatibak bilatzeko, karbono aztarna murrizteko.