Joan eduki nagusira

Iñaki Garrido Yerobi historialariak “El poder de la nobleza navarra durante los siglos XV-XVI. Los palacianos de Góngora” doktoretza-tesia defendatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Eloisa Ramirez Vaquero erakundearen Erdi Aroko Historiako katedradunak zuzendua. Tesian, NUPeko doktore berriak aztergai du nola garatu zen Gongora jauregiko jaunen boterea harik eta 1695ean jabetza horretan markesgoa sortu zen arte.

zoom Iñaki Garrido Yerobi, NUPen.

Iñaki Garrido Yerobi, NUPen.

Ikerketaren egileak aipatzen duenez, azken urteetan Espainian nahiz Nafarroan nobleziari buruz argitaratutako ikerketen aurretiazko azterketa sakon bat eta Espainiako Erdi Aroko ikerketa genealogikoaren analisia ditu abiapuntu tesiak. Gongorako Markesgoaren funtseko dokumentu-multzoak 64 kaxa ditu, eta, kasu gehienetan, XIV. mendetik XIX. mendera bitarteko informazioa du, lehenagoko piezak (esaterako, 1145ekoak eta 1282koak) eta geroagokoak (1901ekoak) badaude ere.  Gongora, Ciordia, San Adrian, Ezpeleta-Otazu, Salinas, Pasquier de Falces, Eraso-Echeverz, Amézqueta, Echeverri-Murguindoeta, Cruzat de Oriz, San Adrián, Larraya, Ubani edo Jiménez de Loyola leinuak biltzen ditu, besteak beste.

Tesia egiteko, ikertzaileak aipatu kaxen hustuketa osoaren datu-base bat egin zuen, eta 1145etik 1512ra bitarteko data zuten 528 dokumentu aztertu zituen. Bost zatitan banatutako lanean, Iñaki Garridok leinuaren memoriaren eraikuntza ikertzen du lehendabizi, eta bi gai nagusi aztertzen ditu: leinuaren eraikuntza eta genealogia Erdi Aroan eta horren guztiaren gauzatzea heraldikaren eta enblematikaren bidez leinuaren ondasun higigarrietan.

Gero, gongoratarren ondare-oinarriak jorratzen ditu (gizarte-mailetan gora egin zuten ezkontza-politika egoki egoki baten bidez, Koroa zerbitzatzen, eta 1512ko subiranotasun-aldaketarengatik). Gero, leinuaren iraupenean eta markesgoa lortzeko bidean zentratzen da, eta Aro Modernoko memoria eta nortasuna aztertzen ditu. Azken kapitulu horretan, aztergai du gongoratarrek zer-nolako garrantzia eman zieten ahaidetasun-loturei, beren noblezia-taldea eratzeko. “Horrekin guztiarekin nabarmentzen da Nafarroako Erdi Aroko leinu bat, XIV. mendetik XVI. mendera bitarteko ibilbide historiko zabala duena, eta, era berean, aztertzen dira Erdi Arotik harago joanez 1512ko Nafarroako konkistaren osteko aldaketa berrietara egokitzen den Nafarroako noblezia ertainaren prototipoa den leinu baten jaiotza, biziraupena eta loraldia”, esan du amaitzeko tesiaren egileak.

Iñaki Garridoren CV laburra

Iñaki Garrido Yerobi Heraldika eta Genealogiako Errege Akademia Madrildarreko kide osoa da, Historiako Errege Akademiako urgazlea eta Maltako Ordenako zalduna. Nafarroako nobleziari eta genealogiari buruzko berrogeita hamar liburu eta ikerketa-artikulu baino gehiago idatzi ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira “Los Beaumont: un linaje de sangre real”, “Las mercedes nobiliarias del reino de Navarra”, “Nobiliario de Irún”, “Nobiliario de Bortziriak” eta “In Dei nomine. La Hondarribia del siglo XVI”.