Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) deialdia ireki du gehienez ere 25 ikasle aukeratzeko 2024-2025 ikasturtean eskaintzen dituen mentoretza sozialeko bi programetako batean: Urretxindorra eta Prometeus proiektuak. Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak sustatutako ekimenaren helburua da ikasleek boluntariotzako eta hezkuntza-laguntzako jardueretan parte hartzea. Iruñeko ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta daude jarduera horiek. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean bukatuko da. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu erakunde akademikoaren webgunea.

zoom Urretxindorra proiektuan parte hartzen duten NUPeko ikasleak eta adingabeak joan den ikasturteko proiektuaren lan bileretako batean.

Urretxindorra proiektuan parte hartzen duten NUPeko ikasleak eta adingabeak joan den ikasturteko proiektuaren lan bileretako batean.

Mentoretza sozialeko bi proiektuak aurtengo urritik datorren urteko ekainera bitartean eginen dira. Aldi horretan, NUPeko ikasleek hamabi orduko hasierako prestakuntza-programa batean hartuko dute parte. Horrez gain, ikasturtean zehar, astean bi orduz jolas-, kultura- eta hezkuntza-jarduerak eginen dituzte mentoretza jasotzen duten ikasleekin eskola-orduetatik kanpo.

Mentoretzaren esperientziaren helburua da harreman pertsonal eta konfiantzazkoa ezartzea unibertsitate aurreko ikastetxeetako ikasleekin, eta haiei laguntza eskaintzea eta eredu positibo gisa jardutea. Ekimen horren bidez, mentoretza jasotzen duten ikasleen hazkunde pertsonal eta akademikoa sustatu nahi da ikasketekin jarraitzeko aukera hobeak izan ditzaten. NUPeko mentoreentzat, esperientzia horrek aukera bat eskaintzen du trebetasun pertsonalak eta komunitateko aniztasun sozialarekiko sentsibilitate handiagoa izateko, eta, aldi berean, beka bat lortzen dute, eta horri esker ordain ekonomikoa jasoko dute.

Mentoreak bi fasetan hautatuko dira: curriculumaren ebaluazio bat eta elkarrizketa pertsonal bat, non zenbait alderdi baloratuko baitira, hala nola gizarteratzearekiko jarrera, boluntariotzako jardueretan parte hartzeko motibazioa eta mentoretza egiteko denbora izatea.

NUP eta mentoretza soziala

NUP Mentoretza Sozialeko Koordinakundeko kide da (Kataluniako zenbait unibertsitaterekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera besteak beste), baita Nightingale Mentoring Network-ekoa ere, zeinak Europako bederatzi herrialdetako zenbait erakunde biltzen baititu (Alemania, Austria, Danimarka, Espainia, Finlandia, Islandia, Norvegia, Suedia eta Suitza); erakunde horietatik hamasei, izan, unibertsitateak dira.

Urretxindorra proiektua 1997an sortu zuen Malmöko Unibertsitateak (Suedia), adingabeak erakunde horretako ikasleekin konektatzeko programa gisa. Ekimena Israelgo Perach proiektuan oinarritu zen, eta urretxindor izena eman zitzaion, seguru sentitzen denean zoragarriki kantatzen duen txoria baita. Izen horrek, halaber, suediar hiriarekin dauka zerikusia, bertan jaio baitzen Hjalmar Gullberg poeta (1898-1961), zeinak hegazti horretan inspirazioa aurkitu baitzuen bere bertsoak idazteko. NUPek 2010ean ezarri zuen, eta Nafarroako Gobernuak iaz aitortu zuen, Parte Hartze Sozialaren Saria eman baitzion urtero ematen dituen Gazteria Sarietan.

Bestalde, Prometeus programak, Nafarroako Gobernuaren Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiaren finantziazioa du. Proiektuaren helburua da egoera kalteberan dauden ikasleak unibertsitateko goi-mailako ikasketetan sar daitezela eta haietan iraun dezatela, kontuan hartuta prozesu hori baldintzatu dezaketen faktore sozioekonomikoak –besteak beste, migratzailea izatea edo migrazio-jatorria edukitzea–, hala ekitatea sustatzeko eta hezkuntza-desparekotasunei aurre egiteko. Programa joan den ikasturtean hasi zen NUPen, eta Bartzelonako Udalak hiri horretako unibertsitate publikoekin batera 2016. urtetik sustatzen duen izen bereko proiektuan dago oinarrituta. Izan ere, “unibertsitateko jardunbide egoki” gisa dago identifikatua proiektu hori.