Amado Alonso Literatur Kritikako Nazioarteko XXI. Sariaren epaimahaiak, izen bereko Fundazioak deituta, Sergio Navarro Ramírez filologo eta poetari eman dio urteroko saria, aho batez, “Actos de poesía aún posibles. Disensos en el régimen de lo sensible postmoderno” lanagatik. Irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du, eta lana argitaratu eginen diote Valentziako Pre-textos argitaletxeak eta Amado Alonso Fundazioak berak lankidetzan. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Leringo Udalak osatua dago Amado Alonso Fundazioa.
Epaimahaiak aintzat hartu du “Álvaro García, Ada Salas, Jordi Doce eta Esperanza López Paradaren poema-liburuen azterketa sakona, haien poetikek arreta kritiko berezia merezi baitute, egungo panoramaren ildo garrantzitsuak osatzen dituztelako. Gainera, nabarmena da poemen azterketarekin batera egiten den hausnarketa teorikoa, egoera postmodernoari buruzko atsekabeak agerian uzten dituen neo-humanismo baten bilaketa sostengatzen duena”, epaian agerian jartzen denez.
Egileari buruz
Sergio Navarrok (Marbella, 1992) Hispaniar Filologia eta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zituen eta Literatura Konparatuko Masterra egin zuen Cambridgeko Unibertsitatean. Literaturan doktorea da Nafarroako Unibertsitatean, eta Exeterreko Unibertsitatean (Erresuma Batua), Bordeleko Unibertsitatean (Frantzia) eta Friburgoko Unibertsitatean (Alemania) ikertu du. Poema-liburu hauek argitaratu ditu: “Historia del tacto” (José Hierro Poesia-bilduma, 2022), “Una imagen imposible” (Poesiako RNE saria, Pre-Textos, 2018) eta “La lucha por el vuelo” (Poesiako Adonais Saria, Adonáis, 2017). Egoiliar bekaduna izan da Gazte Sortzaileentzako Antonio Gala Fundazioan, eta XV. promozioko kidea. Horrez gain, XX. eta XXI. mendeetako espainiar poesiari buruzko zenbait saiakera eta artikulu akademikoren egilea da, eta nazio mailako eta nazioarteko aldizkarietan daude. Egun, Juan de la Cierva doktoretza ondoko ikertzailea da Granadako Unibertsitatean.
Amado Alonso Fundazioa
Amado Alonso Fundazioa 2001ean sortu zen, Amado Alonsoren bizitza ezagutzera emateko, bai eta Nafarroako, Espainiako eta beste herrialde batzuetako arlo akademikoan eta sozialean hark izandako testuinguru historikoa ezagutarazteko ere. Amado Alonso literatura-kritikari nafarra Hizkuntzako eta Literaturako irakasle aritu zen Harvardeko Unibertsitatean (Estatu Batuak). Beste helburu batzuk ere baditu fundazioak: Espainiar Filologiaren, Espainieraren Didaktikaren eta Literatura-teoriaren eta -kritikaren esparruan Amado Alonsok egindako ekarpen zientifikoen gaurkotasuna aldarrikatzea; Amado Alonsoren eta haren lankide eta ikasleen lan ildoak eta espiritua ikertzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea; eta idazleari buruzko dokumentazioa bil dadila sustatzea.
Sariketa 2002an hasi zenetik, hauek izan dira orain arteko irabazleak: M.ª Isabel López Martínez (2002), Gloria Estela González-Zenteno (2003), Ángel Pérez Martínez (2004), Miguel Zugasti Zugasti (2005), Josep María Rodríguez Cabrera (2006), Alberto Santamaría Fernández (2007), Magda Beatriz Lahoz de Klins (2009), Alejandro Bekes (2010), Mario Martín Gijón (2011), Toni Montesinos Gilbert (2012), Gabriel Insausti Herrero-Velarde (2014), Walter Cassara (2015), Álex Matas (2016), Miriam Moreno (2017), Marco Perilli (2018), Cristian Crusat (2019), Roberto Echavarren (2020) eta Andrés García Cerdán (2022) eta Pedro Charro (2023).