Bihar, asteazkena, irailak 18, Mari Luz Esteban Galarza antropologo feministak eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak eta ikertzaileak hitzaldi hau emanen du: “Teoria feminista bat, desafio egiten duena eta desafio egiten diguna. Hausnarketak antropologiatik”. Jarduerarako sarrera librea da, eta 16:00etan izanen da Ikasgelategiko (Arrosadiko campusa) 107. ikasgelan (lehen solairua). “Ikasgela irekiak” ikastaroaren programazioko lehen jarduera da. Ikastaroa NUPeko Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedraren proiektu bat da. Arlo unibertsitarioan aipagarriak diren kideek emandako saio akademikoak dira, herritar guztiei zuzenduak.
Mari Luz Esteban Galarza Medikuntzan lizentziaduna da EHUn, eta Gizarte Antropologian doktorea Bartzelonako Unibertsitatean. Ikasketa Feministak eta Generokoak doktoretza-programaren arduraduna izan da, Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko zuzendaria eta Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterraren arduraduna, horiek guztiak EHUkoak, non AFIT-Antropologia Feminista ikerketa-taldea zuzentzen baitu 2013tik.
Zuzendari edo zuzendarikide aritu da 26 doktoretza-tesitan. 15 ikerketa-proiektutan hartu du parte, horietatik 10etan ikertzaile nagusia izan da, eta 60 txosten baino gehiago aurkeztu ditu biltzar eta konferentzietan. Hainbat argitalpenen egile eta egilekidea da: 13 liburu, 3 monografiko, liburutako 50 kapitulu eta 38 artikulu, eta, horrez gain, 13 liburutako editore izan da. Idatzi dituen lanen artean, nabarmentzekoak dira Antropología del cuerpo eta Crítica del Pensamiento Amoroso. Haren ikerketa-esparruan daude osasuna eta generoa, gorputza eta irudia; maitasun erromantikoa eta genero harremanak, bai eta antropologia feminista eta gorputzaren eta emozioen antropologia ere.