Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EN
  • EU

Helburuak

Katedra honen eginkizun nagusia Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) genero ikasketak eta ikasketa feministak finkatzea, sare akademikoak sustatzea eta erakundeen eta gizarte zibilaren arteko lankidetza erraztea da. Unibertsitatearen eskutik gizartea berdinzaleagoa eta inklusiboagoa izan dadila sustatzeko beharrezkoa den ikerkuntzan, prestakuntzan, sentsibilizazioan eta elkarlanean laguntzea da katedraren azken helburua.

NUPeko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako II. Planak eta Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plan Estrategikoak (2022-2027) eragin handia izan dute Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedra sendotzeko prozesuan. Bi plan horietan berariaz jasotzen da genero ikasketen arloko katedra unibertsitario espezifiko hau sortzea eta babestea. Katedra, beraz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzearekin NUPek duen konpromisoaren ondorio da, eta bat egiten du arlo horretako eskaintza akademiko espezifikoarekin; izan ere, 2022-2023 ikasturtean, hari esker ezarri zen Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Unibertsitate Masterra.

Katedrak funtsezko bi helburu ditu, eta bere baitan garatutako jardueren bidez ematen die erantzuna: alde batetik, esparru akademikoan diziplinarteko lankidetza erraztea eta esperientzia-sareak ezartzea genero sistemari buruzko azterketa teorikoak eta ikerketa enpirikoak ikuspegi feministan oinarriturik sustatzeko; eta bestetik, zerbitzu publikorako bokazioaz baliatuz elkarrizketarako eta ezagutza akademikoa transferitzeko espazioak bultzatzea, ekarpena egiteko emakumeen eta gizonen arteko desparekotasuna hobeki uler dadin eta hari buruzko kontzientzia handitu dadin, baita neurriak har daitezen ere genero botereko harremanak eraldatzearren, emakumeen aurkako indarkeria prebenitu nahiz hartan esku hartzearren eta emakumeak ahalduntzearren.