Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) TEAMIT+ proiektuan parte hartzen du. Europar Batasunak Erasmus+ programaren bidez finantzatutako prestakuntza-programa bat da, eta 18 eta 30 urte bitarteko pertsonen ekintzailetza sustatzen du “sortuz ikasi” ikuspegiaren bidez. Programa aipatutako adin-tarteko edonori dago irekita, zeinahi hezkuntza-maila duela, lanean ari den norbait izan nahiz langabetua izan, eta prestakuntza eskaintzen du NUPen eta orobat Finlandiara astebetez bidaiatzeko aukera, gastu guztiak ordainduta, programarekin jarraitzeko. Parte hartzeko baldintza bakarra da ingelesez komunikatzeko gaitasuna izatea. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 30era arte edo toki guztiak bete arte programaren webgunean. 

zoom Ikasle batzuk NUPen.

Ikasle batzuk NUPen.

Prestakuntzak hiru modulu ditu. Lehen modulua urriaren 10ean izanen da NUPen, eta helburua izanen du klima-aldaketa eta elkartasun sozialeko zenbait gai ulertzea. Bigarren modulua Bilbon eginen da abenduaren 3an eta 4an, eta helburua izanen du 24 orduko maratoi batean enpresek proposatutako hainbat erronkatarako irtenbide jasangarrien bidez berritzea Azkenik, hirugarren modulua 2025eko otsailetik apirilera bitartean eginen dute 40 gaztek. Aurreko bi faseetan aukeratuko dituzte gazteak, eta astebetez egonen dira Helsinkin (Finlandia) eta beste astebetez Bilbon. Antolakuntzak ordainduko ditu garraio- eta mantenu-gastuak.

TEAMIT+ proiektuari buruz

TEAMIT+ proiektu pilotu bat da, eta haren helburua da ekintzailetzako eta berrikuntzako prestakuntza-eredua aldatzen laguntzea. Europar Batasunak 1,3 milioi euro eman dio ekimenari Erasmus+ programaren bidez. Hartan, lau herrialdetako hamar bazkidek parte hartzen dute (Espainia, Finlandia, Frantzia eta Greziakoak), enplegu-eskatzaileen, immigranteen eta Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasleen gaitasun batzuk garatzeko helburuz, hala nola aldaketa klimatikoari eta ingurumenari loturiko kontuei buruzko kontzientzia hartzea, inpaktu handiko berrikuntza egitea eta talde ekintzaileak eratzea. Horren helburua “start up” berritzaileak (enpresa emergenteak) sortzea da.