Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) TEAMIT+ izeneko proiektu batean ari da parte hartzen; proiektu horren helburua ekintzailetzaren eta berrikuntzaren arloko prestakuntza-eredua aldatzen laguntzea da. Europar Batasunak 1,3 milioi euroko finantzazioa eman dio ekimenari Erasmus+ programaren bidez. Hartan, lau herrialdetako hamar bazkidek parte hartzen dute (Espainia, Finlandia, Frantzia eta Greziakoak), enplegu-eskatzaileen, immigranteen eta Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasleen gaitasun batzuk garatzeko helburuz, hala nola aldaketa klimatikoari eta ingurumenari loturiko kontuei buruzko kontzientzia hartzea, inpaktu handiko berrikuntza egitea eta talde ekintzaileak eratzea. Horren helburua “start up” berritzaileak (enpresa emergenteak) sortzea da.

“Orain arte, ekintzailetzak eta berrikuntzak norbanako ekintzaileengan jarri du arreta, eta bereziki merkatuan ebaluatzen den berrikuntza motan”, azaldu du Mar Rubio-Varas NUPeko katedradunak, proiektuaren ikertzaileetako batek. TEAMIT+ programarekin, erakutsi nahi dugu ekintzailetza eta berrikuntza ez direla soilik beste era batera aztertu behar, baizik eta baita beste era batera irakatsi ere”. 

zoom Ikerketa-taldea. Ezkerretik eskuinera: Rafael Lara, Mar Rubio-Varas, Imanol Núñez eta Sara Cano. María Jesús Campión eta Beatriz Rodríguez.

Ikerketa-taldea. Ezkerretik eskuinera: Rafael Lara, Mar Rubio-Varas, Imanol Núñez eta Sara Cano. María Jesús Campión eta Beatriz Rodríguez.

Proiektuaren bazkideen ustez (unibertsitateak, Lanbide Heziketako ikastetxeak, lan merkatuko kudeatzaileak eta GKEak), ekintzailetzak “garapen jasangarriko helburuei egin behar die aurre, berdintasuna sustatu behar du eta balio kooperatiboak defendatu”. Bestalde, berrikuntza ezin da oinarritu “merkatuaren potentzialean bakarrik, baizik eta baita ingurumenari eta klimari lotutako auzientzako erantzunetan ere”. Ikuspegi horrekin, gai horretako prestakuntza emateko, kontuan hartu behar da berrikuntzak nolako onurak dituen gizartean eta ingurumenean. 

Zentzu horretan, proiektuko kide diren bost europar eskualdeen lurralde-diagnostikoa egitea da proiektuaren lehenbiziko etapa (Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa, Akitania Berria, Erdialdeko Finlandia eta Mendebaldeko Mazedonia), gizarteari eta ekonomiari lotutako erronka berriak identifikatzeko eta lurralde bakoitzaren egoera ulertzeko. Zehazki, NUP da, INARBE institutuaren  bidez, lan-pakete horren liderra. Haren lantaldea bi katedradunek (Mar Rubio-Varas eta Rafael Lara González) eta unibertsitateko hiru irakasle titularrek osatzen dute (María Jesús Campión Arrastia, Imanol Núñez Aldaz eta Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano), eta, haiekin batera, baita Sara Cano Rodríguezek ere (proiektuko lankidea).

Ikaskuntza-eredu berria

Lurraldeari buruzko diagnostikotik lortutako informazioa “elkarrekin sortuz ikasteko eredu bat” diseinatzeko erabiliko da, ikaskuntza praktikoa eta taldekoa konbinatzen dituena. Eredu hori prestakuntza-programa batean jarriko da praktikan. Programak bi edizio izanen ditu, eta hitzordu bakoitzak hiru modulu. Parte-hartzaileek (enplegu-eskatzaileak, immigranteak eta Lanbide Heziketako eta unibertsitateko 16 eta 30 urte arteko gazteak) gai hauei buruzko ezagutzak eskuratuko dituzte: aldaketa klimatikoa eta ingurumena, inpaktu handiko berrikuntza eta koekintzailetza edo taldeko ekintzailetza. 

Partzuergoak, halaber, ikastaroa zenbait eragileri zabalduko die, eta, horretarako, beste ikastetxe batzuei eredu hori nola kopiatu azaltzen dien gida bat sortuko du. Aurreikuspenen arabera, ikastaroaren bi edizioetan (2025 eta 2026 urteetarako aurreikusiak) 1.300 gaztek eta 80 enpresak baino gehiagok hartuko dute parte. 

TEAMIT+ proiektua 2026ko irailean amaituko da, eta haren emaitzak material hauetan islatuko dira besteak beste: prestakuntza-programa batean, prestakuntza-eredu hori beste leku batzuetan emateko jarraibide batzuetan, liburu zuri batean eta EBko politikei buruzko gomendio batzuetan. Horrez gain, horretarako prestatutako boluntario batzuk, zenbait enpresa-proiektu eta ekintzaile-sare bat izanen ditu EBko proiektuak.