Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2024-2025 ikasturte honetarako eskaintzen dituen 27 graduetako eta 8 gradu bikoitzetako 8.700 ikasleak heldu den astean itzuliko dira ikasgeletara Iruñeko eta Tuterako campusetan. Ikasle guztiek irailaren 3an hasiko dituzte ikasturteko eskolak, asteartearekin, baina lehen ikasmaila hasiko duten 2.250 ikasleek zita bat izanen dute aurreko egunean, irailaren 2an, astelehena, egun horretan Ongietorri Jardunaldia eginen baita (jardunaldi horren egitarau osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko). Graduko, masterreko eta doktoretzako ikasleak batuta, NUPek 10.000 ikasle baino gehiago izanen ditu aurten. 

zoom JornadaBienvenida

Zenbait ikasle iazko Ongietorri Jardunaldian.

Jardunaldi horretan, titulazioak banaka-banaka aurkeztuko dizkiete horietako bakoitzak egin behar duten ikasleei, eta argibide orokor baliagarriak emanen dizkiete etapa berrirako, hala nola NireIkasgelategiari eta Mentoretza Programari buruzkoak. Ohi bezala, karpa bat jarri dute Arrosadiko campuseko Liburutegiaren eta Ikasgelategiaren arteko zelaigunean, eta, hango informazioguneetan ikasleek aukera izanen dute Unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzu eta jardueretako batzuk ezagutzeko, baita ikasleen elkarteen berri izateko ere. Hantxe, NUPen opari bat jasotzen ahalko dute.

Bestalde, karpan jarritako agertokian, NUPeko Antzerki Taldeak “Sol” antzezlanaren eszena baten bi emanaldi eginen ditu, eta kirol erakustaldiak ere izanen dira, HIIT, entrenamendu funtzionala eta pilatesa barne, Unibertsitatean egiten ahal diren jardueren erakusgarri. Gainera, ikasleek bisita gidatuak egiten ahalko dituzte Liburutegira.

Zerbitzuen ataria eta NireIkasgelategia

Ongietorri Jardunaldian, Unibertsitateko barne aplikazio informatikoak nola erabili azalduko zaie ikasleei. Hala, aditzera emanen zaie zerbitzuen atariaren bidez sarbidea dutela, esaterako, web postara, espediente akademikora, Liburutegiko zerbitzu jakin batzuetara edo jarduera eta ekitaldien agendara, bai eta NireIkasgelategira ere. Irakasteko, ikasteko eta lankidetzan aritzeko plataforma birtual bat da azken hori, ikasleek beharrezkoa dutena Unibertsitatean dauden bitartean. Plataformak zenbait zerbitzu eskaintzen dizkie ikasleei, hala nola beren matrikulako irakasgai guztietan sartzeko aukera.