Europako bost eskualdetan (Foru Erkidegoa barne) egindako inkesta baten arabera, gazteak gehiago kezkatzen ditu ekonomiaren jasangarritasunak planetarenak baino. Enplegu egokia lortzeko gaitasuna da bigarren kezka, eta haren atzetik klima-krisia. Emaitzak TEAMIT+ izeneko proiektuaren parte dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) parte hartzen du proiektuan, eta haren helburua da ekintzailetzako eta berrikuntzako prestakuntza-eredua aldatzea, eta haren gizarte- eta ingurumen-onurak ere kontuan hartzea.
Proiektuko hamar bazkideentzat (unibertsitateak, lanbide-heziketako zentroak, lan-merkatuaren kudeatzaileak eta GKEak), emaitza “harrigarria” da. Izan ere, proiektuko lau herrialdeetakoak diren bost eskualde inkestatuetatik (Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa, Erdialdeko Finlandia, Finlandia; Akitania Berria, Frantzia; eta Mendebaldeko Mazedonia, Grezia) lau Europako hegoaldean daude, non azkenaldian behin eta berriz gertatutako fenomenoak klima-aldaketaren adierazle baitira, hala nola lehorte, uholde eta bero-boladak.
Mar Rubio-Varas NUPeko INARBE Institutuko ikertzailea eta katedraduna izan da azterketaren burua. Inkestari emandako erantzun gehienak aurtengo lehen hilabeteetan eman zituzten 18 urtetik 29 urte bitarteko gazteek. Kezkez gain, azterketak aztergai izan zituen pertsona horiek ekintzailetzarekiko, ekintzailetza sozialarekiko eta enpresa kooperatiboak ezartzearekin lotutako faktoreekiko dituzten jarrerak.
Azterketaz gain, gazteen langabeziaren eta hezkuntza-sistemaren eskualde-mailako aldeak aztertu ziren, baita klima-aldaketaren eta ekonomiaren adierazleetan ere.
Ikaskuntza-eredu berria
Lurraldeari buruzko diagnostikotik lortutako informazioa “elkarrekin sortuz ikasteko” eredu bat diseinatzeko erabiliko da, ikaskuntza praktikoa eta taldekoa konbinatzen dituena. Eredu hori prestakuntza-programa batean jarriko da praktikan. Programak bi edizio izanen ditu, eta hitzordu bakoitzak hiru modulu. Parte-hartzaileek (enplegu-eskatzaileak, immigranteak eta Lanbide Heziketako eta unibertsitateko 16 eta 30 urte arteko gazteak) gai hauei buruzko ezagutzak eskuratuko dituzte: klima-aldaketa eta ingurumena, inpaktu handiko berrikuntza eta koekintzailetza edo taldeko ekintzailetza. “Berrikuntza berriak sortzea da gakoa, munduaren egoeran eragin positiboa izango dutenak”, esan du Mar Rubio-Varasek.
Programak hiru modulu ditu: lehenak klima-krisiari buruzko kontzientziazioa handitzea du helburu; bigarrenak berrikuntza harrigarriak sortzea; eta hirugarrenak taldeko ekintzailetzan eta talde multikultural baten barruan negozio jasangarriak garatzea. Entrenamendu programako parte-hartzaileak proiektuan parte hartzen duten herrialde guztietatik bilduko dituzte 1.300 ikasleko kopurura iritsi arte.