Sergio García-Magariño Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleak eta I-COMMUNITAS Institutuko ikertzaileak Routledge argitaletxearekin argitaratu du Violence, politics and religion: a general theory of violent radicalization liburua. Egileak hainbat urtez egindako lana jasotzen du, batetik zenbait herrialdetako askotariko erradikalizazio biolentoko fenomenoak alderatzeko –herrialde horietako asko bisitatu ditu–, eta bestetik “azalpen orokor bat egiteko, baliagarria izanen dena itxuraz desberdinak diren eta gizabanakoak erakunde terroristekin bat egitearekin lotuta dauden prozesuei zentzua emateko”, esan du egileak.
Testua, gainera, duela bi urte Libros de la Cataratarekin espainieraz argitaratutakoaren bilakaera eta eguneraketa da, baina irakurle ingeles-hiztunentzat prestatua. “Horri dagokionez, New Yorkeko Cornell Unibertsitatearekiko lankidetza estrategikoa izan zen. Izan ere, Sidney Tarrow gizarte-mugimenduei buruzko mundu mailako erreferenteak eta Keneth Roberts Cornelleko Latinoamerikako Ikasketen Zentroa zuzendu zuen politologoak bultzatu ninduten lehen mailako nazioarteko argitaletxeak bilatzera gaztelaniadunetatik harago irakurle-multzo zabalago batekin komunikatzeko”, azaldu du. “University College of Dublinen egindako egonaldiek sendotu egin zuten komunitate zientifiko eta irakurle ingeles-hiztunekiko lotura”, esan du.
Liburuak erradikalizazio biolentoko prozesuak ditu aztergai, baina, haietako batzuek jatorri erlijiosoa dutenez, sakoneko auzi metodologikoak ere jorratzen ditu, erlijioarekin lotutako gizarte-prozesuak soziologikoki aztertzeko moduarekin zerikusia dutenak. “Horri dagokionez, esaten dena da fenomeno horiek zehatz-mehatz ulertzeko eta azaltzeko beharrezkoa dela, alde batetik, gizarte-zientzietatik datozen kategoria zientifikoak erabiltzea, hala nola identitatea, marjinazioa, ekintza arrazional estrategikoa, sozializazioa edo egiturazko indarkeria; eta, bestetik, erlijioaren logikak aplikatzea, beste era batera ulertezinak diren gakoak argitzeko”, adierazi du Sergio García-Magariñok.
Egiturari dagokionez, liburuaren zortzi kapituluak hiru zati bereiziren inguruan antolatzen dira: lehena, auzi metodologikoei buruzkoa; bigarrena, kasu baten azterketarekin lotua; eta hirugarrena, prebentzioa eta deserradikalizazioa jorratzen dituena.
Banakako portaeraren eta bizitza komunitarioaren arteko lotura
Liburuaren egileak azaltzen duenez, haren ikerketaren abiapuntuko hipotesiak proposatzen zuen, lehenik, pentsamendua eta ekintza, banakako portaera eta bizitza komunitarioa lotuta daudela, eta, bigarrenik, faktore komun batzuk egon behar dutela prozesu hain desberdinak azaltzen dituztenak, hala nola gizabanakoen atxikimendua Irlandako IRAri, Euskal Herriko ETAri, Kolonbiako FARCi eta ELNri, Israelgo talde terrorista juduei, Palestinako Yihad Islamikoarekin lotutako terrorista suizidei, Europan diharduen Daeshi, Kaxmirko Jaish-e-Mohammedi, Errusian atentatuak egiten ari diren talde jihadistei edo Ipar Amerikako muturreko talde biolentoei.
“Azkenik, fenomeno horiek aztertzean izan den helburu nagusia izan da haiek ulertzea aurrea hartu ahal izateko, eta, muturreko kasuetan, lehengoratzeko. Hori dela eta, hirugarren zatian ez da soilik teoria orokorra aplikatzen –lehen zatietan garatua erradikalizazio biolentoa azaltzeko– prebentzioaren eta deserradikalizazioaren eremuan, baizik eta programa eta politika espezifikoak aztertzen dira, emaitza onak ematen ari direla diruditenak, hala nola Kolonbiako FUNDAECenak”, esan du amaitzeko.