Sergio García Magariño Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile (NUP) eta haren I-COMMUNITAS institutuko kideak liburu bat idatzi berri du, “Violencia, política y religión. Una teoría general de la radicalización violenta” izenekoa, Cataratak argitaratua. Egileak dioenez, liburu horrek helburu nagusi bat du: gakoak ematea erradikalizazio biolentoarekin eta haren prebentzioarekin, deserradikalizazioarekin, indarkeria politikoarekin eta, bereziki, “erlijioan inspiratua omen dagoen” indarkeriarekin lotutako fenomenoak ulertzeko.
Deskribatutako helburu nagusi horretaz gain, liburuak erradikalizazio biolentoaren eta erradikalizazio erlijiosoaren kontzeptuetan ere sakontzen du. Egilearen hitzetan, bigarren hori “irristakorra” da; izan ere, “demokrazia liberal askok sekularizazio prozesuak izan dituzte edo, gutxienez, eztabaida publikoetan erlijioa aztertzeko interesa galdu dute”. Halaber, “erradikalizazio biolentoaren kontzeptua maiz nahasten da beste batzuekin, hala nola polarizazioarekin, estremismoarekin, terrorismoarekin edo biolentoa ez den erradikalizazioarekin”.
Bestalde, obra horrek teoria eta fenomeno enpirikoak uztartu nahi ditu, bai eta teoria hori kasu zehatzetan probatu ere, hots, erradikalizazio biolentoarekin eta haren prebentzioarekin lotutako kasuetan, batetik, eta erlijioarekin zerikusia duten kasuetan, bestetik. Zehazki, liburuak bost erradikalizazio biolento mota jorratzen ditu: jihadista, AEBko eskuin mutur biolentoarena, IRArena, FARCena eta ETArena, guztiak ere egilearen gertukoak haren ibilbide profesionalaren une batean zein bestean. Gainera, labur-labur aipatzen dira Errusiaren, Kaxmirren (India) eta Israelen eta Palestinaren kasuak ere.
Bost erradikalizazio biolento mota eta egileak haiekin duen hurbiltasuna
Liburua hiru partetan dago egituratua. Lehenbizikoan, gogoeta teoriko eta metodologikoa egiten da erlijioan inspiratutako erradikalizazio biolentoaren ezaugarriekin eta ikerketarekin lotutako zenbait alderdiri buruz. Egileak adierazten duen bezala, “hurrengo bi parteetan aztertuko den oinarri teoriko eta metodologikoa plazaratzen du hasierako parte horrek”.
Bigarren partean, teoria eta planteatutako ikuspegi metodologikoa irudikatzeko balio duten kasu batzuk jasotzen dira. Azkenik, hirugarren parteak erradikalizazioaren prebentzioa eta deserradikalizazioa ditu aztergai. Bertan, elkarrekin lotutako lau gai jorratzen dira: adierazle soziologikoen beharra, prebentzio programak (bereziki erresilientzia indibidualaren eta kolektiboaren inguruan lan egiten dutenak), deserradikalizazioaren erronka eta, azkenik, integrazio politiken eta gizarte kohesioa indartzeko politiken garrantzia.
Bigarren partean jasotako azterketa-kasuak hautatzeko arrazoia, esan bezala, egileak haiekin izan duen hurbiltasuna da: Kolonbian bizi izan zen bost bat urtez; zenbait egonaldi egin ditu Dublineko University Collegen (Irlanda) IRA hurbilagotik aztertzeko; Errenteriakoa da, eta lankidetzan aritu da Nafarroako eta EAEko gobernuekin bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan dituzten planen hainbat alderditan; islamismo politiko biolentoa landu du bere doktoretza-tesian, eta ikerketako egonaldi bat egin du Cornell Universityn (Ithaca, New York) Estatu Batuetako eskuin-muturra gizarte mugimenduen ikuspegitik ulertzeko.
Liburuan, gainera, “erlijioarekin lotutako fenomeno sozialak aztertze aldera, gogoeta metodologikoak aplikatzeko beste kasu bat lantzen da: Silicon Valleyren eredu ekonomikoaren hedapena legitimatzen duen diskurtso sasi-erlijiosoa”, adierazi du.
“Labur esanda, irakurlea erantzun argirik gabeko zenbait galderaren zirrikituetan murgiltzea da lanaren asmoa”, laburbildu du egileak. Galdera horietako batzuk honako hauek dira: Zerk eragiten du erradikalizazio biolentoa? Bada azalpen orokorrik edo ez dago hari aurrea hartzeko modurik? Nolako rola du erlijioak indarkeriazko erradikalizazio-prozesuetan? Edo, zergatik da hain zaila mundu modernoan erlijioaren gaiari heltzea? “Galdera horiei erantzuten saiatzean, gaur egungo erronka estrategiko handienetako batzuk aztertzen ditu liburuak, hala nola robotizazioa, klima-aldaketa, integrazio politiko globala edo egungo eredu ekonomikoaren eraldaketa, zeinek gizateriaren etorkizuna determinatuko baitute”, erantsi du Sergio García Magariñok.