Joan eduki nagusira

Alicia Peñalva Vélez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslea eta I-COMMUNITAS Institutuko ikertzailea, erakunde akademikoko dekano izendatu dute. Irakaslea espezialista da didaktikan eta ikastetxearen erakuntzan, eta Inés Gabari Gambarte irakaslearen lekua hartu du kargu horretan.

Alicia Peñalva, Pedagogian lizentziaduna eta Hezkuntza Zientzietan doktorea, Didaktika eta Ikastetxearen Erakuntza jakintza-arloko irakasle titularra da. Bizialdi osoko ikaskuntza-Life Long Learning ikerketa-taldeko kidea, zenbait ikerketa-ildo garatzen ditu, hala nola eskola-bizikidetza eta ziberbizikidetza, alfabetatze digitala eta irakaskuntzaren arloko gaitasun digitala, hezkuntza-programen diseinua eta ebaluazioa, dibertsitatearen arreta eta kulturarteko hezkuntza. 

zoom Alicia Peñalva Vélez, Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekano berria.

Alicia Peñalva Vélez, Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekano berria.

Ekoizpen zientifikoari dagokionez, haren lanaren erakusgarri dira ikerketa-artikuluak, liburu-kapituluak, nazio mailako eta nazioarteko biltzar eta konferentzietako ekarpenak eta tokiko, nazio mailako eta nazioarteko hezkuntza-berrikuntzako eta ikerketako proiektuak. Zehazki, 107 lan ditu Google Akademikoan eta 49 lan Orciden. Nazioarteko esparruan, 18 argitalpen ditu Web of Sciencen.  Nazio mailako eta nazioarteko biltzarretan aurkeztutako berrogei komunikazio baino gehiago ditu, eta gonbidatuen sei hitzaldi nazio mailako eta nazioarteko unibertsitateetan emandakoak. Ikertzailea izan da (kasu batzuetan, ikertzaile nagusia) I+Gko proiektuetan, europar proiektuetan eta zenbait erakundek finantzatutako proiektuetan. NUPeko eta beste unibertsitate batzuetako hezkuntza-berrikuntzako proiektuetan eta nazio mailako eta nazioarteko ikerketa- eta transferentzia-kontratuetan parte hartu du.

Irakaskuntzako eta kudeaketako jarduera

2004az geroztik, NUPen dihardu irakasle-lanetan bai graduko titulazioetan bai graduondokoetan. Orobat transferentzia gisa prestakuntzako 200 ordu baino gehiago eman ditu, zuzenean lotuak bere irakasle- eta ikertzaile-profilarekin, honako hauentzat: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua, irakasleei laguntzeko Iruñeko eta Lizarrako zentroak (ILZ), NUP eta Unibertsitateen G-9 Taldea.  Zenbait doktoretza-tesi eta ikasketen amaierako laurogei lan baino gehiago ere zuzendu ditu (hirurogeitik gora, gradukoak eta beste hogei, berriz, masterrekoak). 

Alicia Peñalva batzorde zientifikoetako kidea izan da hezkuntzaren esparruan aitortutako ospea duten nazioarteko biltzarretan. Hezkuntzari buruzko aldizkarien eta nazioarteko ikerketa-proiektuen ebaluatzaile-lanetan ere aritzen da. 

Kudeaketa akademikoko karguei dagokienez, Alicia Peñalva Psikologia eta Pedagogia Saileko zuzendariordea eta idazkari akademikoa izan da (2016-2018), Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko zuzendariordea (2018-2020) eta Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko zuzendaria (2020-2024). 

Ikastegietako arduradun berriak

Alicia Peñalvaren izendapenarekin, hurrengo sei urteetan NUPeko sei ikastegiak (eskola eta fakultateak) zuzenduko dituzten arduradun guztiak aukeratu dira. Hala, Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekano berriarekin batera, arduradun hauek izanen dira: Miguel Benito Ostolaza (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa), Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano (Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa), Ramo Barrena Figueroa (Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoa-NIBGMETeko zuzendaria), Alfredo Ursúa Rubio (Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoa-IITIGMETeko zuzendaria) eta Almudena Sánchez-Villegas (Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa).