Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere eskola eta fakultateetako zuzendari eta dekanoak aukeratzeko hauteskundeak egin ditu, eta, ondorioz, kargu guztiek arduradun berria dute orain. Hauteskundeak maiatzaren 15ean egin ziren eskola eta fakultate bakoitzean, eta maiatzaren 21ean, berriz, hautetsien behin betiko aldarrikapena. Irakasleek eta ikasleek ikastegi bakoitzeko ordezkari gorena aukeratu behar zuten zuzenean, boto ponderatuaren bidez. Lotura iraunkorra duten irakasleen botoak % 59 balio zuen; gainerako irakasle eta ikertzaileenak, % 21; eta ikastegi bakoitzeko titulazioetan matrikulatutako ikasleenak, gainerako % 20a.
Arduradun berrien curriculuma


Juan Miguel Benito Ostolaza, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekano berria, Arrosadiko campusean.
Juan Miguel Benito Ostolaza, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekano berria, Ekonomian lizentziaduna da (1999) Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Ekonomian doktorea unibertsitate berean (2005). Haren doktoretzak Europako doktoretzaren aipamena lortu zuen. Zenbait ikerketa-zentrotan egindako egonaldietan, bai haren ikerketa-jardueran bai irakaskuntza-jardueran lagundu dute zenbait ikertzailek. Doktoretza aurreko eta ondoko egonaldiak egin ditu toki hauetan: Louvaine-la-Neuve-ko (Belgika) Center for Operations Research and Econometrics (C.O.R.E.); Alacanteko Unibertsitatea; eta Sapienza Università di Romako (Italia) Ekonomia eta Zuzenbide Sailean.
Irakaskuntzaren ikuspegitik, eskolak eman ditu bai lehen eta bigarren zikloetan (diplomaturak, lizentziaturak eta graduak) bai graduondoan (master- eta doktoretza-ikasketak).
Haren ikerketak aztergai ditu nagusiki jokoen teoriarekin eta ekonomia esperimentalarekin lotutako gaiak, bai ikuspegi teorikotik bai enpirikotik. Ikerketa kalitatearen indize erlatiboa duten aldizkarietan argitaratu da. Gainera, doktoretza aurreko aldian, Eskualde Zientziaren Espainiako Elkarteak ematen duen Ikertzaile Gazteen sariaren accesita lortu zuen, eta doktoretza ondoko aldian artikulu hoberenaren saria lortu zuen GIKA Conferencen. Zenbait kongresutako tokiko batzordeko kidea edo beste batzuekin batera antolatzailea izan da. I+G+b-ko proiektuetako parte-hartzeari dagokionez, Ministerioaren zenbait proiektutako ikertzaile lankidea da eta izan da.
Kudeaketa akademikoari dagokionez, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko idazkaria eta Institute for Advanced Research in Business and Economics-eko (INARBE) idazkaria izan da, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Klaustroko eta Gobernu Kontseiluko kidea ere.


Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano, Zientzia Juridikoen Fakultateko dekano berria, Gurbitzak sail-eraikinean, Arrosadiko campusean.
Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano, Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasle titularra da, eta katedradun akreditazioa du. Haren ikerketa-lerroen artean daude laneko segurtasuna eta osasuna, lanaldiaren antolamendua, emakumearen berdintasuna edo desgaitasuna dutenen babesa. Langileen nazioarteko mugikortasunaren legezko ondorioei eta lan ondorioei buruzko Jean Monnet moduluaren ikertzaile nagusia izan da. Esparru horietan egin dituen ekarpenen artean aipatzekoak dira honako gai hauei buruzko monografiak: lanpostua egokitzea eta berriz kokatzea, lanaldiaren malgutasuna, fabrikatzaileen erantzukizuna, langileen lekualdatzea eta desgaitasuna eta lan autonomoa. Egun, haren ikerketa-lanak aztergai du Adimen Artifizialak lan-harremanetan duen eragina. Gai horri buruzko monografia kolektibo bat zuzendu berri du.
kerketa-lanak egin ditu toki hauetan: Centro Studi di Relazioni Industriali (Università di Cagliari), Boloniako Unibertsitatea, Strathclyde University-Glasgow eta Centre for Disability Law and Policy (NUI Galway). 2016/2017 ikasturtean, irakasle bisitaria izan zen Bristoleko Unibertsitatean.
Unibertsitate-kudeaketaren esparruan, Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanordea eta idazkaria izan da, Doktoretza Eskolako idazkaria eta Zuzenbide Saileko zuzendariordea. 2017az geroztik, Lan Arriskuen Prebentzioko Unibertsitate Masterra zuzentzen du, eta joan den urtetik Zerga, Lan eta Kontabilitate Aholkularitzako Masterra zuzentzen du beste batzuekin batera. Iruñeko lan-arloko epaitegietako ordezko epailea ere bada 2015az geroztik.


Ramo Barrena Figueroa, zeinak beste agintaldi bat izanen baitu NIBGMETen, Arrosadiko campusean, artxiboko irudi batean.
Ramo Barrena Figueroa, Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIBGMET) zuzendaria da berriro, eta nekazaritzako ingeniari teknikoa (1990), nekazaritzako ingeniaria (1998) eta nekazaritzako ingeniari doktorea da (2005). Egun irakasle titularra da Enpresen Kudeaketa Saileko Nekazaritzako Politika, Soziologia eta Ekonomia arloan. Egonaldiak egin ditu Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, Tunisiako Institution de Recherceh et d’Enseignement Superieur Agricole delakoan eta Sonorako Unibertsitatean (Mexiko). Doktoretza-tesi bat eta masterreko 6 tesi gidatu ditu, baita ikasketen amaierako 100 lan baino gehiago ere. Garapenerako lankidetzako zenbait programatan ere irakasle aritu da Piurako Unibertsitate Nazionalean (Peru), Pedro Ruiz Gallo Unibertsitate Nazionalean (Peru) eta Mozambikeko Unibertsitate Katolikoan.
Ikerketaren ikuspegitik, elikadurako kontsumitzailearen portaera aztertzea izan du ardatz, eta azken urteotan, kontsumitzaileak elikadura-berrikuntzak nola onartzen dituen ikertu du bereziki. Nazioko eta nazioarteko 13 proiektutan hartu du parte zenbait unibertsitaterekin lankidetzan (Valentziako Unibertsitate Politeknikoa, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, Sonorako Unibertsitatea, Kenteko Unibertsitatea, Municheko Unibertsitatea), eta 30 argitalpen zientifiko indexatu baino gehiagoren eta 7 liburu-kapituluren egilea izan da. Gainera, enpresa eta erakundeekin egindako 10 transferentzia-kontratutan baino gehiagotan aritu da, eta patente baten asmatzaileetako bat da.
Izan dituen kargu akademikoen artean daude Unibertsitate Proiekzioko arloko zuzendaria, Nekazaritzako Ekonomiaren Espainiako Elkarteko zuzendaritza-batzordeko kidea, NIBGMETeko Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduaren zuzendariorde arduraduna, AN Taldearen Katedra Fundazioko zuzendaria, Nekazaritzako Elikagaien arloko Transferentziaren eta Berrikuntzaren INTIA Katedraren Batzordeko kidea, Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriaren Administrazio Kontseiluko kidea eta SITNAko Batzorde Iraunkorreko kidea.
Alfredo Ursúa Rubio, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (IITIGMET) zuzendaria, Ingeniaritza Elektrikoko katedraduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Industria Ingeniaritza Teknikoa eta Industria Ingeniaritza ikasi zituen aipatu erakundean, eta ikasketen amaierako proiektu hoberenen sari bana jaso zuen bertan. Gero, industria-ingeniari doktorearen titulua lortu zuen doktoretzako sari bereziarekin. 2003an, bere irakasle-ibilbidea hasi zuen NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailean, non 14 irakasgai eman baititu lehen eta bigarren zikloetako titulazioetan, graduondoko programetan, graduetan eta masterretan, eta ikasketen amaierako 100 lan baino gehiago zuzendu ditu.
2002an Ingeniaritza Elektrikoa, Potentzia Elektronika eta Energia Berriztagarriak ikerketa-taldean hasi zen lanean, eta 2015az geroztik Institute of Smart Cities (ISC) erakundeko kidea da. Haren ikerketa-lerroak lotuta daude energia metatzeko sistemekin, hidrogeno teknologiekin, sorkuntza elektriko berriztagarriarekin, potentzia-elektronikarekin eta sareko integrazioarekin. Deialdi publikoetan finantzatutako I+G+b-ko 25 proiektutan parte hartu du, eta ikertzaile nagusia izan da proiektu horietako 10etan. Aldizkari eta nazioarteko kongresuetako 100 argitalpen baino gehiagoren egilea da beste batzuekin batera eta liburuko lau kapituluren egilea. Ikerketako 3 seiurteko ditu aitortuak, eta 2020tik bere arloan gehien aipatzen diren ikertzaileei buruzko Standfordeko Rankingaren barruan dago. 5 doktoretza-tesi zuzendu ditu beste batzuekin batera, eta egiten ari diren beste 4 tesiren zuzendaria da beste batzuekin batera. Ikerketarako Estatu Agentziako, VLIR-USO (Belgika) eta Academy of Finland-eko (Finlandia) ebaluatzailea da. Horrez gain, 2013an, NUPen Zientzia Zehatzen eta Biologia, Medikuntza eta Teknologia Zientzien arloetan egindako ekarpen zientifiko hoberenaren saria jaso zuen, eta 2023an, IEEE Transactions on Industry Applications aldizkarian argitaratutako artikulu hoberenaren saria jaso zuen.
Industria-sektoreari egindako transferentzia teknologikoari dagokionez, 53 OTRI kontratutan hartu du parte energia berriztagarrien arloko enpresekin, eta kontratu horietatik 26tan ikertzaile nagusia izan da. Kontratu horietako batzuk lehiaketetarako deialdien esparruan egin dira, hala nola CENIT, INNPACTO eta MISIONES. Orobat nazioarteko 8 patente asmatu ditu beste batzuekin batera, eta transferentziako seiurteko bat du aitortuta.
2014tik IITIGMETeko zuzendariordea eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Graduko Kalitate-arduraduna da. 2012tik IITIGMETeko Batzordeko eta Energia Berriztagarrien Katedraren Jarraipen Batzordeko kidea da. Azkenik, 2012tik 2020ra, NUPeko Unibertsitateko Klaustroko kidea izan zen, eta 2016tik 2020ra Gobernu Kontseiluko kidea.


Almudena Sánchez-Villegas, NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko zuzendari berria, NUPeko Osasun Zientzien Campusean.
Almudena Sánchez-Villegas, Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko katedraduna (2016) Farmazian lizentziaduna (1998) eta doktorea da Nafarroako Unibertsitatean (2001). Unibertsitateko irakaskidegoetan hasi zen 2003an Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitateko irakasle titularraren lanetan. 2005-2006 ikasturtean Reseach Fellow izan zen Harvard T.H. Chan School of Public Health-en, irakasle eta/edo ikertzaile seniorrek atzerriko zentroetan mugikortasun-egonaldiak egiteko Salvador de Madariaga programaren bidez (Hezkuntza Ministerioa). NUPeko kidea da 2021etik, eta han Erizaintzako Graduko eta Osasun Publikoko Unibertsitate Masterreko irakaslea izan da, eta 2022tik Medikuntza Graduko Laguntza Praktiketako arduraduna eta Osasun Zientzietako Ikerketa Masterreko zuzendari akademikoa.
190 ikerketa-lan baino gehiagoren egilea da, eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuko (IDISNA) “Epidemiologiaren eta osasun publikoaren arloko epidemiologia eta prebentzioa osasun mentalean eta suizidioan” ikerketa-taldea zuzentzen du. Haren ikerketa-lerroek aztergai dute bizimoduaren garrantzia arrisku kardiobaskularreko faktoreetan eta gaixotasun mentalean. Carlos III Institutuaren Osasun arloko Ekinbide Estrategikoaren finantzaketako lau ikerketa-proiektu lehiakorren ikertzaile nagusia izan da eta nazioarteko, estatuko eta eskualdeko beste 15 finantzaketa-proiektutako lankidea. RETICS Sarekoa izan zen, “Elikadura osasungarria gaixotasun kronikoen prebentzioan” (2007-2012), eta 2013tik CIBERObn erakundera dago atxikita (Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa-Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologia).
Zenbait ebaluazio-jarduera egin ditu agentzia nazionaletan, hala nola Carlos III Osasun Institutua, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionala (ANECA) edo Ebaluaziorako eta Prospektibarako Agentzia Nazionala (ANEP), eskualde-agentzietan, esaterako Ezagutzaren Andaluziako Agentzia eta erakunde pribatuetan, esaterako La Caixa Fundazioa edo Ikerbasque. 2023az geroztik, laguntzailea da Carlos III Osasun Institutuko Osasun Zerbitzuetako, Epidemiologiako, Osasun Publiko eta Okupazionaleko Ikerketa Proiektuen Batzorde Teknikoan / Osasun arloko, teknologia sanitarioko eta telemedikuntzako zerbitzuetan.