Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Gesalazko Udalak (Lizarraldea) lankidetza-hitzarmen berria sinatu dute. Horren arabera, beste ekimen batzuen artean, abuztu amaieran, Irurren, udako ikastaro baten harira, ibarrean bizi diren 65 urtetik gorakoen hauskortasun fisikoari buruzko ikerketa bat eginen da, eta lurralderako garrantzitsuak diren gradu eta master amaierako lanen gaiak proposatuko dira.  Foru Komunitateko bi erakundeen arteko lankidetzaren bidez ibarreko hamabost kontzejuetako bizi kalitatea hobetu nahi da, zenbait arazori aurre egiten baitzaie, hala nola zahartzea eta despopulazioa.

Lankidetza-hitzarmenak balioa ematen die “lurraldetik eta lurralderako egindako sormen-prozesuei, bai eta tokiko baliabideen aprobetxamenduari, komunitate-loturak sortzeari eta inguruko erakunde eta eragile guztien arteko aliantzak eraikitzeari”, lankidetza-hitzarmenaren arabera. Lan-ildo horretan laguntzen du Henri Lenaerts zentroak, ibarreko herrietako batean baitago (Irurre), tokiko eta nazio mailako hainbat erakunderekin ekimen eta proiektuak aurkeztuz eta garatuz, Gesalatz ibarra “gune zaindu eta bizia” bihurtzeko, eta zentro hori “zerbitzu publikoak emateko bokazioa duen erreferentziazko baliabide kultural” bihurtzeko. 

zoom Ezkerretik eskuinera: José Antonio Zudaire Escobar (zinegotzia) Raquel González Eransus (Lenaerts zentroa), Ana Aliende Urtasun (Lenaerts zentroa), Ana Ansa Ascunce (udako ikastaroko hizlaria), Begoña Pérez Eransus (errektoreordea) eta Juan Antonio Urra Caro (alkatea).

Ezkerretik eskuinera: José Antonio Zudaire Escobar (zinegotzia) Raquel González Eransus (Lenaerts zentroa), Ana Aliende Urtasun (Lenaerts zentroa), Ana Ansa Ascunce (udako ikastaroko hizlaria), Begoña Pérez Eransus (errektoreordea) eta Juan Antonio Urra Caro (alkatea).

NUPen eta Gesalazko Udalaren arteko lankidetzaren helburua da lurraldeko bizitza eta ibarreko hamabost kontzejuetan bizi direnena zaintzen eta aberasten laguntzea, eta, aldi berean, ezagutzak eta jakintzak ematea, tokiko administrazioarekin lotura estua izatea eta jardunbide onak egitea dakarren tratu oneko plataforma gisa, despopulazioari eta zahartzeari arreta emanez eta horrela ongizate-sareak sortuz.

Begoña Pérez Eransusek (NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak) eta Juan Antonio Urra Carok (Gesalazko Udaleko alkateak) sinatutako hitzarmenak azpimarratzen du “Unibertsitatearen eta landa-munduaren artean informazioaren, analisiaren eta ezagutzaren norabide biko fluxu jarraitu eta zaindua sortzeak eta mantentzeak duen garrantzia komunitatearen mesederako berrikuntza sortzeko eta partekatzeko”. 

Gesalatzen kasuan, hitzarmenari esker, ibarreko herri eta guneek garatuko dituzten proposamen eta jarduerak eginen dira. Alde horretatik, bai Udalaren baliabideak (Aldaia landa-eremua, kiroldegiak, balio anitzeko aretoak...) eta bai Lenaerts Fundazioarenak erabiliko dira (Helène aretoa, Paulette lorategia, etxe-museoa eta hiri- eta landa-lurzatiak lankidetza proiektuetarako), bai eta sortzen diren eta “ongizatea, bizikidetza, zaintza, ongizate komuna eta jasangarritasuna” sortzeko plataforma gisa baliagarriak diren beste baliabide batzuk ere.   

Egun, lanean dihardute 65 urtetik gorakoen hauskortasun fisikoari buruzko ikerketa batean eta hauskortasunari aurrea hartzeko proposamen batean, bai eta lurraldearentzat garrantzitsuak diren gaiak garatzeko gradu edo master amaierako lanetarako proposamenak kontuan hartzeko ere.

Udako ikastaroak

Hitzarmen berriari esker eginen diren jardueren artean daude “Sakratutasunaren ikerketa.Bizitzari eusten dioten begiradak, esperientziak eta paisaiak” izeneko udako ikastaro baten lantegiak. Ikastaroa abuztuaren 26tik 30era bitartean eginen da. Proposamenaren helburua da bizitzaren jasangarritasuna eta ongizate komunitarioa aztertzea zenbait ikuspegitatik. Astebetez, NUPen eta Irurreko Lenaerts Zentroan, parte-hartzaileek mugimendu-, arreta- eta entzute-praktikak eginen dituzte lantegi formatuan, zehaztugabea eta ukiezina dena ikertzera gonbidatzen duen esperientziazko osagai batekin; azken batean, eguneroko bizitzan sakratua dena. 

Ikastaroak 25 lagun izanen ditu gehienez, zenbait profesionalek gidatuta, hala nola David Azurza Aramburu eta María Vega Pérez abesbatzako konpositoreak eta ahots teknikako irakasleak, Irune Ansa Eguileta eta Ander Barandiarán Ziordia ongizaterako espazio inklusiboak sortzeko aktibismoan eta unibertsitatean esperientzia duten gizarte-langileak, Estrella Bernal Cuenca Zaragozako Unibertsitateko irakaslea, Ana Aliende Urtasun NUPeko gizarte-aldaketako irakasle eta ikertzailea, Ana Ansa Ascunce osasun-sustapenean aditua den medikua, Natalia Tajadura Arizaleta NUPeko Gizarte Ekintzarako Unitateko gizarte-langilea eta banakako eta taldeko laguntza psikosozialean espezializatua, Irati Goikoetxea Asurabarrena “Herriak ez du barkatuko” nobelaren egilea eta Angela Moreno Merino eta Fermín Alvira Palacios artistak. Lagun horiek guztiek elkarrizketarako, sormenerako eta gozamenerako espazioak sortuko dituzte udako ikastaroko parte-hartzaile guztiekin batera. 

Udako ikastaroan izena emateko epea irekita dago, eta “online” egiteko aukera dago Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean