Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) NUPeko Alumni Nabarmenaren Sariaren bederatzigarren ediziora eta Erakunde Nabarmenaren Sariaren zortzigarren ediziora deitu du. Bi kasuetan, hautagaiak uztailaren 31 baino lehen aurkeztu behar dira (lehenbiziko kasuan, interesdunak edo hirugarren batek proposaturik, eta bigarrenean, unibertsitateak proposaturik).
Alumni sariaren bidez, NUPeko tituludunen ibilbide pertsonala eta profesionala saritu nahi dira, eta erakundearentzako sarian, berriz, erakunde, enpresa edo erakundeek Unibertsitatearekin dituzten lankidetzako jardunbide onak aintzatestea da helburua. Jardunbide onen artean daude transferentzia teknologikoa, egresatuen prestakuntza eta laneratzea babestea, topaketa, mintegi, hitzaldi eta beste jarduera batzuetan parte hartzea edo ekintzailetzarako ekimena sustatzea.
Bi deialdietako oinarriak kontsultatzeko daude A3u programaren web-orriko “Sari nabarmenak” atalean. Bai hautagaitza, bai harekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa Unibertsitateko Erregistro Elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira.
Hautagaitzen aurkezpena
Alumni Nabarmenaren Sarian, interesdunak edo hirugarren batek aurkeztuko du hautagaitza, betiere izangaiak betekizunak betetzen baditu. Entitate Nabarmenaren Sarian, prozedura desberdina da; izan ere, Unibertsitateko zuzendaritza-kontseiluak, haren zentroek, ikerketa-institutuek edo Gizarte Kontseiluak, beren ekimenez edo NUPeko langile iraunkorrek proposatuta, Unibertsitatearekin edo haren Fundazioarekin lankidetza formaleko akordioren bat duten edo izan duten eta aipatutako helburuak betetzen dituzten erakundeak proposatzen ahal dituzte hautagai gisa.
Azken edizioetan, Alumni Nabarmenaren Saria Elena Saenz Sainz Telekomunikazio ingeniariari eman zitzaion, eta Entitate Nabarmenaren Saria, berriz, Mondragon Korporazioari.