Joan eduki nagusira

Elena Saenz Sainz ingeniari eta Telekomunikazio Ingeniaritzako doktoreak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Alumni Nabarmenaren VIII. Saria jaso du. Sariduna Europako Espazio Agentziako (ESA) Antena eta Uhin Submilimetrikoen ataleko burua da gaur egun, Noordwijk-en (Herbehereak). Doktoretza ere egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Europako aipamena eta Ingeniaritzaren eta Teknologiaren arloko aparteko saria jaso zituen. Lan beragatik, Segurtasunaren eta Defentsaren arloko doktoretza-tesi onenaren ISDEFE saria eskuratu zuen, Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofizialak (COIT) eta Telekomunikazio Ingeniarien Espainiako Elkarteak emana.

Alumni Nabarmena sariaren bidez, egresatuen garapen pertsonal eta profesionalean Unibertsitateko prestakuntzak zenbateko garrantzia duen erakutsi nahi du Nafarroako Unibertsitate Publikoak, eta, beraz, zer-nolako onurak dakartzan Unibertsitatean egindako inbertsio publikoak. Ohorezko sari bat da, eta ez du esleipen ekonomikorik. Epaimahaiak bere erabakian azpimarratu duenez, saria Elena Saenz Sainzi emateko arrazoia izan da “berrikuntzan eta garapen zientifiko eta teknologikoan egindako ekarpena eta nazioartean duen proiekzio profesionala”. Laster ekitaldi instituzional bat eginen da saria emateko.

zoom Elena Saenz Sainz.

Elena Saenz Sainz.

Elena Saenz Sainzek Telekomunikazio Ingeniaritza egin zuen NUPen (2004), bikain kalifikazio globalarekin, eta doktoretza ere bertan egin zuen, “Modelling, design and measurements of meta surfaces for antenna applications” tesiarekin (2008). Doktoretzako prestakuntza-aldian, ikerketa-egonaldiak egin zituen Loughborough University (Erresuma Batua), Helsinki University of Technology (Finlandia) eta Bilkent University (Ankara, Turkia) unibertsitateetan, bai eta ESA DTU Spherical Near Field Antenna Test Facility zentro teknologikoan ere (Kopenhage, Danimarka), hori guztia Europar Batasuneko Metamorphose bikaintasun-programako bekekin. Prestakuntza amaitzean, praktikaldi bat egin zuen Europako Espazio Agentzian, eta, ondoren, egonaldi bat egin zuen erakunde berean, eta han egin du karrera profesionala orain arte. 2023ko maiatzean, erakunde horretako Antena eta Uhin Submilimetrikoen ataleko buru izendatu zuten.

“NUPeko nire prestakuntzak berebiziko garrantzia izan du nire ondorengo ibilbide profesionalean eta garapen pertsonalean”, esan du saridunak. “Prestakuntza akademikoan lortutako prestakuntza teknikoa eta Antenak taldearen nazioarteko izaera funtsezkoak izan dira nire aurrerabidean. Doktoretza egin bitartean nazioarteko zenbait talde ezagutu nituen, eta bidea izan nuen atzerrian ikerketa-egonaldiak egiteko, bai eta nazioko eta nazioarteko hitzaldietara joateko ere. Hala, nire kontaktu sarea zabaltzeko aukera izan nuen, bai eta nire erosotasun eremutik ateratzeko beldurra galtzeko ere”, kontatu du Elena Saenzek. “Horri esker, Europako Espazio Agentziara joan eta nire karrera han jarraitzea erabaki nuen”, amaitu du.

Bekak, argitalpenak eta nazioarteko patente bat

Aipatutako sariez gain, Elena Saenzek “IEEE Antennas and Propagation Society" erakundearen ikerketa-saria eskuratu zuen bere doktoretza-tesiagatik, eta zenbait aitorpen jaso ditu nazioarteko hitzaldi zientifikoetan egindako argitalpen eta posterrengatik. Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofizialak (COIT) eta Telekomunikazio Ingeniarien Espainiako Elkarteak (AEIT) emandako Multimedia Eramangarriaren arloko Karrera Amaierako Proiektu onenaren ERICSSON saria ere jaso zuen, “High efficient and directive dipole antennas by means of left handed media” lanagatik.

Nabarmendutako ikasleak nazioarteko patente bat erregistratu du, NUPeko beste ikertzaile batzuekin batera. Gainera, hogei bat artikulu argitaratu ditu indexatutako aldizkarietan eta parekoek berrikusitako aldizkarietan, eta 70 argitalpen ditu nazioarteko zenbait konferentziatan.

Elena Saenzek NUPeko, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko eta Europar Batasuneko "Metamorphose" programako bekei esker egin zuen tesia. Gainera, Marie Curie beka bat lortu zuen Herbehereetan egin zen "Antennas for Space Applications" ikastarora joateko.

zoom Alumni Nabarmenaren Sariaren epaimahaia. Ezkerretik eskuinera: Idoia Zabaleta, Alumni programaren arduraduna eta epaimahaiko idazkaria; Javier Goicoechea, IITIGMETeko zuzendaria; Ainhoa Unzu, Nafarroako Parlamentuko lehendakariorde nagusia; Cristina Bayona, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; Ana Burusco, Unibertsitateetako zuzendari nagusia; Iosune Pascual, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko kudeatzailea; eta Sandra Cavero Brújula, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa.

Alumni Nabarmenaren Sariaren epaimahaia. Ezkerretik eskuinera: Idoia Zabaleta, Alumni programaren arduraduna eta epaimahaiko idazkaria; Javier Goicoechea, IITIGMETeko zuzendaria; Ainhoa Unzu, Nafarroako Parlamentuko lehendakariorde nagusia; Cristina Bayona, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; Ana Burusco, Unibertsitateetako zuzendari nagusia; Iosune Pascual, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko kudeatzailea; eta Sandra Cavero Brújula, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa.

Epaimahaikideak

Cristina Bayona Sáez izan da epaimahaiburua, hau da, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; eta hauek beste kideak: Iosune Pascual Azcárate, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko kudeatzailea; Javier Goicoechea Fernández, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria (IITIGMET); Sandra Cavero Brújula, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa; Ana Burusco Juandeaburre, Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateetako zuzendari nagusia; Ainhoa Unzu Gárate, Nafarroako Parlamentuko lehendakariorde nagusia; eta Idoia Zabaleta Arregui, Alumni programaren arduraduna, zeina epaimahaiko idazkari aritu baita.