Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) 2024-2025 ikasturtean graduko ikasketak egiteko aurreinskripziorako epe arrunta gaur, ekainak 21, hasi da, eta ekainaren 28an amaituko da (ostirala). Ikasleek Unibertsitatearen webgunean egin behar dute aurreinskripzioa, eta zer gradutan sartu nahi duten adierazi behar dute, lehentasunaren arabera ordenatuta (sei gehienez). Ordena hori oso garrantzitsua da; izan ere, ikasle bat titulazio batean onartutakoan, NUPek ez ditu kontuan hartuko aurreinskripzioko zerrendan titulazio horren azpitik daudenak.
Onartutako ikasleen lehenbiziko zerrenda uztailaren 16an argitaratuko da, eta matrikula uztailaren 17an edo 18an eginen da (graduaren arabera). Aurreinskripzioari eta matrikulari buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago eskuragarri.
Berriki aipatu genuenez, NUPek 2.252 ikaspostu eskainiko ditu 2024-2025 ikasturtean emanen dituen 27 graduetan eta 8 gradu bikoitzetan, duela 5 urte baino % 12 gehiago. 2023-2024 ikasturteari dagokionez, zertxobait handitu da ikaspostu kopurua gradu hauetan: Erizaintza, Zientziak, EAZ, Zuzenbidea, Haur Hezkuntzako Irakasletza, Lehen Hezkuntzako Irakasletza eta Gizarte Lana.
2+3 Talentu Plana, berritasuna graduen eskaintzan
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko 2+3 Talentu Plana da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) eskaintza akademikoak 2024-2025 ikasturterako duen berritasuna. Esan dugun bezala, gainerako eskaintza akademikoa 27 graduk eta 8 gradu bikoitzek osatzen dute, eta, hortaz, aurreko ikasturtekoaren berdina izanen da. Joan den ikasturtean berritasun gisa sartu ziren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Fisioterapiako Gradu Bikoitza, eta Ingeniaritza Termikoko Gradu Duala, formatu horrekin Nafarroan eskaintzen den lehenbizikoa. NUPeko eskaintza akademiko osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
2+3 Talentu Planak unibertsitateko prestakuntza eta lanbide-heziketa konbinatzen ditu. NUP eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua buru dituen ekimen bat da, Foru Komunitateko ikasleek bost ikasturtean goi mailako heziketa ziklo batez eta unibertsitateko gradu batez (2+3) osatutako prestakuntza-ibilbidea egin ahal izan dezaten. Horrela Lanbide Heziketako goi mailako ikasketen eta Unibertsitatearen arteko loturak estutu nahi dira.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren kasuan, Gizarte eta Kirol Irakaskuntzako eta Animazioko Goi Mailako Heziketa Zikloa edo Egokitzapen Fisikoko Goi Mailako Heziketa Zikloa gainditurik gradu hori NUPen egin nahi duten ikasleei 60 eta 51 ECTS kreditu aitortzen ahalko zaizkie, hurrenez hurren. 2+3 Talentu Plana Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Graduan eta Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Graduan ere eskaintzen da. Administrazioko eta Finantzetako Goi Mailako Heziketa Ziklotik sartzen ahal da gradu horietara.